Une hartan, musikari gaztea biolontxelo-jolea zen orkestran eta gaztaroari darion ausardia edota harrokeriaz blai eskatu zuen Verdirekin hitz egin nahi zuela. Giuseppe Verdik 74 urte zituen, Italiako operaren erregea zen, eta benetako iraultza ekarri zion musika aldaera horri aita santuaren eta esku keinu iraingarrien herrialdean. Hori hala izanik ere, haren letragileak aholkatuta, elkarrizketa eskaini zion Toscaniniri.
Verdik arretaz entzun zuen musikari gaztea, abisua pasa baitzioten benetan musikari bikaina zela. Honek, zeinak bazuen gaitasuna partitura bat behin irakurrita betiko buruan gordetzekoa, Te Deum obran allargando bat primeran sar zitekeela iradoki zion. Verdik, abisua pasa zion arren Toscanini gazteari beste konpositore batzuei halakorik iradokiz gero Deguriara mizpira bila bidaliko zutela, gogo onez hartu zion iradokizuna.
Ni ez naiz Toscanini. Hori badakite Arrasate Musikalen niri klasea emateko zorte txarra izan duten bi irakasleek edota inoiz abesten entzun nautenek. Nire entzumena behiala loriatu zen LABI batzordea bezain terriblea da. Eta, halere, Toscaninik bezalaxe, badut zerbait norbaiti esan beharra, eta kontua da ez dudala une egokirik aurkitzen. Edota, zehatzago esanda, toki egokirik. Ez nabil Josu Zabalak abesten duen Esaiok kantaren antzeko ezeri buruz, badaezpada ere. Zatarragoa da kontua, behiala landa eremuan bizi garenoi eginiko promes arrandiatsuak ez betetzearekin zerikusia baitu.
Aspaldian harategian bakarrik ikusten dut ea emaniko hitza honezkero errauts den erantzun diezadakeen gizona. Zoritxarrez, amamarekin umetan Musakolako Lasagabaster harategira mandatutan joaten nintzenetik –lau harategi egotetik batere gabe geratuko da auzoa, horra aurrerabidea–, tenplu traza hartzen diet mostradore atzean bata jantzita atenditzen zaituzten gizon-emakumeen negozioei. Harategian odola mostradore atzekoa soilik izatea eliza barruan ezpatak zorrotik ateratzeko debekua bezain oinarrizko zait. Lokalera sartu eta nire mezua jaso beharko zukeena han badago, elkar agurtzen dugu, buru kolpe lehorrez, eta isildu egiten naiz gero. Harategian gaudelako, Toscanini ez naizelako eta, batez ere, ia ziurtasun osoz, hura Verdi ez delako.