Halaber, korapilatu egiten zitzaidan barrena, eta ezin ezer idatzi. Xanti bertsotan oroitzen dut Arrasateko Gaztetxean eta euskal literatura lanik ederrenetakoa den Biziaren azala obran. Danel, aldiz, Txatxilipurdi bueltan, Sanjuan etxadiko lokalean, sortzaile eta artista. Elorregin komuna jartzeko bertso-bideoa bere azken artistada; oker ez banago, helburua oraindik betetzeke duena. Azkena, Iñaki, urtarrilean ezagutu nuen aurrez aurre Meneta tabernako terrazan, bion lagun komun bat alboan zuela. Gogoan dudan bere testu eder batengatik zoriondu nuen. Literatur kritikari buruz jardun genuen eta Orbaizetara txangoan joateko planak zirriborratu. Doakiela hirurei nire esker ona eta baita haien hurbilekoei agurra.
Hau esanda, pasadizo bat kontatu nahi nizuen. Nire sorterrian, Aramaio erreka alboan, den gozotegi mundial bateko gozogileari galdetu nion, ipuin baterako behar baitut, herriak gozo tipikorik balu hura zein zatekeen. Onaindiako adokinezgero, torloju batzuen salbuespenaz, umezurtz baita udalaxpea halako kontuetan. Hipotesiak trukatu genituen eta alkimia etxeko lanak jarri genizkion gure buruari ea zerbait okurritzen zitzaigun.
Ezin ezer asmatu nabil. Ez baita erraza esentzia bere hartan batuko duen sinbolo bat hautatzea, hasteko, aipatu herriak baduelako izen beste identitate. Ibarrean zehar eta maldetan gora hazi zen herria izan liteke batzuentzat Arrasate, besteentzat Mondragoe, hangoentzat Mondra eta hemengoentzat Mondragon. Izen bakoitzak badu atzean izana, eta, akaso, hizkera, hedabidea, enpresa ikonikoa eta baita filia eta fobia sorta ere. Gai fetitxea dut eta luze jardun dezaket horri buruz, baina pista bat Ramon Ugaldek eman zuen ekainaren 24ko bere Goiena-ko zutabean. Irakurri eta kontatuko didazue.
Kohesio faltan, sarrailagile, kooperatibo edo auskalo zer den herri hura, zaila identifikatzaile komunik aurkitzea. Eta horrek kaltea dakar, nire uste zarpailean, arlo sozialean; bereziki, Arrasate herria eta izen horrek berarekin dakarren ikuskera sustengatu duen giza kolektiboari neke zantzuak sumatzen zaizkionetik. Txerra Rodriguezek dio bizitasun apaleko herrietan behera doala euskararen erabilera. Arrasaten, hala da niretzat, ezin aurrera egin dabil euskara. Aurrekoaz lotua, akaso?
Ondorioz, Iñaki Azkoagak erantzuteko moduko puntua da jarri dudana, herrialde izenen ezinei buruzko lan interesgarrietan baitabil. Non da aipatu ditudan lau deituren arteko multiplo komun txikiena?