Klima aldaketak ez du eguraldi onarekin ezer ikustekorik. Egoera serioa da; gehitu horri gerra eta lehengaien espekulazioa. Belarriak tentetzea besterik ez da behar bizi dugunaren eragina ezagutzeko: Urliak ez du tabernan aire girotua jartzeko dirurik. Abeltzain den Berendiari pentsua ikaragarri garestitu zaio. Ikaragarri. Egiptok edo Indiak gari esportazioak debekatu dituzte. Gosete mamua esnatu da eta kate hotsak aditzen dira hainbat kontinentetan. Artean iritsi zait postontzi elektronikora eskaintza bat, oso ona omen dena, Sri Lankara opor bidaian joateko. Akaso, uste dute ez dudala egunkaririk irakurtzen. Egia da EITB Musika bihurtu dela nire emisora kuttuna, baina lizunkeria eta zabarkeria bereizteko beste zabaltzen ditut begiak oraindik.
Bero sapa honen erdian, Erresuma Batuko gobernuak eta Ruandakoak akordioa egin dute aurreneko herrialdera iritsitako migratzaileak bigarrenera hegazkinez deportatzeko. Onartzen dut Afrikanerrak idazten ari nintzen bitartean ez nintzela gai halako jokaera maltzurrik irudikatu ere egiteko. Antza, Mikel Aramendik idatzi zuen Gara-n horri buruz, antzeko traturen bat dute esku artean AEBek eta Espainiako Erresumak. Hala konpondu omen nahi du Sanchezen gobernuak ustezko langile falta. Sinestezina da.
Hirugarrenez, Sagarduiri ez dut uste axola dionik zer eguraldi egiten duen. Horren gainetik dago. Bankuen kasuan, adineko jendearentzat kalamitosoa den prozedura bat, derrigorrezko digitalizazioa, bultzatu nahi du Osakidetzako lehen arretarako. Bideo-kontsultak. Tumatxa! Lortuko du bere asmoa gauzatzea horretarako indarra badu. Edo asmatzen badu ziria nola sartu. Gure esku ere badago, hein batean, baina egon ziur bera eta beste asko kultura aldaketa horren alde lanean ari direna.
Izan ere, batzuetan gertatzen dira kultura aldaketak. Talde txiki batek anbizioa badu, eta aski indar, lor ditzake emaitzak. Begira Aramaiora bestela. Urte gutxian gazte eta ez hain gazte ekimentsu batzuei esker bertsolaritzaren erreferente da. Badute eskola, badute plaza, badituzte gai jartzaileak eta bertsolariak. Azkena Peru Abarrategi, Arabako txapelduna. Bejondeiela!
Bukatzeko, eta zoritxarrez, txosnaguneak ez dira indartsu dauden guneak. Akaso, ereduak eman du berea. Akaso, jaiek osotasunean eman dute eurena. Horien apurrengatik borroka egitea abangoardia politiko izatearekin nahastea aski tristea da. Hori ez da kultura aldaketa. Eta preseski ez da eguraldi onaren seinale. Beroak eragindako ekaitza da, uzta hondatzea besterik ekartzen ez duena.