Juan Rulfo

Juan Rulfo bi egun egon omen zitekeen argazki bakar baterako planoa aukeratzen.

Haren semeak kontatzen du hori Rulforen jaiotzaren mendeurrena dela-eta ekoitzitako dokumentalean. Banekien mexikarra idazle ona zela; orain badakit argazkilari gisa ere ez zela makala. Baita jatorrizko herriei buruzko antropologia lanen editore izan zela ere. Gizon interesgarria. Haren isiltasuna ozena zen askorentzat; ez, ordea, berarentzat. Naturala zuen. Esan beharrekoak esan zituen bi liburu gogoangarritan. Kito.

Ez zena isilik geratu politikari ezagun bat izan zen, Aretxabaletara etorri zena taberna bat inauguratzera. Estrategia komertzial bitxia, ahotik trumoiak atera beharrean jardutea ate ireki eta gonbidapen egun behar zukeen festa batean. Eguzkipean, ardo kopa eskuan, denok sentitu gara inoiz garaiezin.

Itzul nadin, halaber, Rulforen dokumentalera. Hobe. Berau ikusi nuen, RTVEren web orrian duzue doan, Eibarren Zumiriki film aparta ikusi ostean. Kasik jarraian. Ikusi beharrekoa Zumiriki hau, bitxia, gomendagarria. Ni aurrez irabazia ninduen Alegriak, ez da alferrik senide bat agertzen pelikulan, baina bi orduko filma euskaraz dagoen ikus-entzunezko berezienetakoa da. Baditu zuhaitzak, badu lepazuria, bakardadea, memoria, heriotza, gaua, ura, lurra, baditu oiloak eta basurdeak. Baditu ibaia kabletik zintzilik airean igarotzen duten superheroiak, euskaraz behiez jarduten duten mohikanoak. Heriotzari aurrez aurre begiratzen dio Oskar Alegria zuzendariak, eta azken orduan berba bat ebatsi: zu-mi-ri-ki. Prousten madalena bat da zu-mi-ri-ki, ez da edozein hitz. Altxorraren uhartea da.

Gustura egingo nuke denboran atzera eta Rulforekin kafe bat hartu. Beltz-beltza. Hari lehen aipatu dudan politikariari buruz hitz egin eta burua jiratuko luke, gogaitze keinuz. Ez litzaioke interesatuko. Aldiz, urtegiez, zumirikiez eta desagertutako herriez hitz egitean interes handia edukiko luke. Hura ere ibili baitzen dokumentatzen urtegi baten ondorioz indarrez kanporatutako komunitateen patua. Galdetuko lidake ea zergatik ernegatzen naizen. Hark, Rulfok, zeinak Goodrich-Euzkadi pneumatiko etxeko komertzial lana utzi zuen ez ziotelako autoan irratirik jarri.

-Ez dakit, Juan, ez dakit zergatik ernegatzen naizen.

Hark ez luke hori entzungo. Kamera eskuan, eternitateari zerbait lapurtzen ahaleginduko zen haren begi mexikar tristeekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak