Hala esan zigun han geundenoi: "Ni lizentziatua naiz nire herrialdean. Familia dut. Gerratik ihesi iritsi naiz hona eta inork ez dit zertan erakutsi puntualitatea bezalako kontzeptu oinarrizkorik. Nik behar dudana lana da".
Anekdotak duen arrazakeria&gurasokeria tona kenduta, pasartea gogoratzen dudan bakoitzean puntualitatearen ideia datorkit burura. Egiaztatu ahal izan dudanagatik nire 38 urteotan, inora garaiz iristea edo ez iristea botere harreman kontua da. Nire esperientzian, berandu iristen dena hamarretik bederatzitan da horretarako boterea duena. Are gehiago, berandu iristea botere horren erakusketa hutsa da.
Puntual ez badator, garraio publikoak sinesgarritasuna galtzen du. Berandu datorren mediku sendabidea alferra da. Sasoiz kanpoko landarearen uztarik ez espero.
Basikoa dirudi honek, oinarrizkoa. Baina pertsonok badugu madarikaziotik asko duen dohain bat, mito greziarretako jainko kabroien oparia dirudiena: gai gara eraikuntza sozial eta intelektual konplexuak sortu nahiz ulertzeko eta, aldi berean, ez dugu ikusten parean duguna.
Ezin da etengabe hazi planeta finitu batean, absurdoa da ekonomia horrelako sineskeriatan oinarritzea. Ez dakit ba ote den ekonomia baino ezagutza arlo azientifikoagorik. Gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugu, bai ala bai, eta, zorionez, horrek ez du esan nahiko denean okerrera egingo dugunik. Betiere, trantsizioa era ordenatuan egiteko bai bagara. Oihanaren legean munduko gizartearen %99 osatzen dugunok galduko dugu.
Aurrekoan, baserriko terrazara atera eta kanpoan dugun metalezko mahaia laranja topatu nuen, haizeak ekarritako harea baitzuen itsatsia. Kalima deitzen dio populuak, hauts-gandua Euskaltzaindiak. Nik diot planetaren harea-erlojua apurtu dela eta nekez konponduko dugula behin apurtuta. Berandu goaz klima aldaketarekin, berandu goaz energia trantsizioarekin, eta eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasten denean nahiko dudan azkena da nomina finkodun sasijakintsu bat etortzea nigana puntualitatea zer den erakustera. Abisatuta daude.