Hari horri tiraka, duela egun batzuetatik hona pipertuta nabil. Eta dena Alberto Caserok, bai, Iturgaitz baino malezia eta trebetasun gutxiagorekin botoa eman zuen alderdi popularreko kide horrek, jasandakoagatik.
Euskarafoboa den euskal hiztuna. Falangista den ijitoa. Lesbofoboa den homosexuala. Kuadrilla triste horretan ibilitakoa naiz ni, zoritxarrez, lodi lodifobiko gisa. Dudan saminik handienetakoa da pertsona bati min eman izana bere gorputza gutxiesteagatik, dena nik nire gorputza onartzeko izan dudan arazoengatik. Urteak kosta zait ondorio horretara iristea, egon baitzen sasoi bat uste nuena inor baino sentiberago nintzela, eta gero, konturatu naiz tentela naizela beste askoren gisara. Edo tentelago.
Ez naiz Talioaren legearen zale, badakizue, begia begi truk hura. Baina, ziur asko, gehiago kostako litzaidakeela iristea iritsi naizen ondorioetara udal hauteskundeen biharamunean gertuko pertsona batek ez balit esan nire gorpuzkerak ez zuela lagundu boto emaitzan. Suntsitu egin ninduen komentarioak eta luze ibili nintzen errari, arropa estiloak aldatuta mozorrotu guran ez nintzena izateko, hasieratik egin behar nuena egin arte: kasurik ez egin.
Halaber, Arestiren olerkiko etakideen amek bezala, gehiago sufritzen dut egindako minengatik jasandakoengatik baino. Nik mindutako pertsona hura ederra zen, eta da; nire begiek zuten falta, ez bere gorputzak. Horregatik, ez nago inori lezioak emateko moduan, hori argi utzi nahiko nuke, esan beharra dut Alberto Casero eta beste edozein politikari kritikatzeko haren fisikoarekin sartzea ahultasun ideologiko ikaragarria erakustea iruditzen zaidala. Ez zait batere ondo iruditzen.
Harro baginan ere umildu gera. Manuel Lasarte handiaren bertsoekin osatu zuen Josu Goikoetxeak urtarrilaren 31n irrati kolaborazioa. Beste egun batean idatziko dut Naiz irratiak dituen musika saio bikainez, Iker Gurrutxagarena delizia hutsa da, edota Arrasate Irratiak pizten didan herriminaz. Baina hori beste batean izango da. Gaur, bakoitzari berea.