Turismoa

Hau negu hasiera petrala daramadana, irakurle. Tanatoriotik tanatoriora, maisu, auzo, senide eta lagunak agurtzen. Hori gutxi ez eta bitxuari iskin egin nahian kale, ba bale.

Hasierako asmoa zen gure auzoko, Areantzako, Intxaurbeko teilatuari buruz jardutea, tristurak utzita, Errege Egunez jotzen baitio teilatu ertzean eguzkiak hilabeteko ilunaldi betearen ostean lehen aldiz. Ainubean gaudenon burutazioak; hala bazaude, ulertuko nauzu. Baina Aretxabaletako Udalaren edo Debagoieneko Mankomunitateari esker, biak eskutik doaz hemen, ziur asko, hondakin turismoa berpiztu da gurean, eta nire arreta eskuratu du. Tumatxa! Etxetik 4,3 kilometrora, mapa aplikazioak kale egin ez badit, joan behar dugu hondakinak eroatera eta. Luizia dela-eta omen. Ze erremedio, haiek omen eta guk amen.

Hala atera ginen, bada, etxekoak larunbat goizez hondakinen aitzakian, eta, parrandazaleari bezala, guri ere etxera itzultzea kosta. Behin autoa hartuta, Zaraia nahiz Elgea mendilerroak inguratu genituen Arabako Lautadara ailegatu arte, Gazeo eta Alaizako elizak ikusteko asmoz. Pintura eder askoak dituzte, merezi dute bisita, eta hango gidariari esker ikasketa ederrak eskuratu genituen; tartean, nobleziako emakumeen rolari eta Arrasateko Elexalde pintura tailerrari buruzkoak. Bisita bukaeran, han ginenoi arte adituak egin zigun erregu, enfasi handiz, hori bai, gertuko altxorrez gozatzeko. Urrutira joan gabe.

Eta halakoa da, altxorra bere hartan eta altxor gehiagorako mapa, Aretxabaleta -Hamaika ibilaldi eta istorio liburua. Toponimia aitzakia hartuta herri osoan zehar eginiko hamabi ibilaldi jasotzen dira bertan, 1.000tik gora izen eta istorio mamitsuak. Grafikoki ere bikaina da, bisualki erakargarria, eta ibilaldiak eurak egiteko track-ak eta antzekoak ere badakartza. Urteetako lana, irakurle, Gorka Madinabeitiak eta Julen Abasolok maisuki egindakoa. Doakiela nire esker ona eta miresmena egileei, baita Loramendi elkarteari ere, halakorik argitaratzeagatik.

Horra gonbidapen edo aukera bi etxetik irten eta turismoa egiteko. Lehena poltsa eskuan, bigarrena motxila soinean. Hori zortea gurea, hau hauteskunde urtea balitz, akabo-eta lehen aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak