Bizi-itxaropena

Zuzenbidean lizentziadun honi arauak interesatzen zaizkio. Ez da hori nobedadea, nola bestela amaitu bost urte irauten duen karrera ladrilloa; baina azkenaldian, arautzen ez dugun horri buruz ari naiz pentsatzen. Ea adibide batekin azal diezazuekedan kontua. Nola jokatzen duzue lurrera erori zaizuen janariarekin? Hemen aukera nagusiak lirateke zuzenean botatzea, apur bat garbitu eta jatea edota ezer gertatu izan ez balitz bezala ahoratzea. Berdin dio platano zuritu zatia bada Newtonen grabitate legearen biktima edota turroi gogorra? Janari merkea edota garestia? Zuen jatekoa edo haurrarena izateak aldatu egiten dizue portaera? Hondartzan eta etxeko sukaldean erorita berdin jokatzen duzue? Inoren sukaldean bada aldatu egiten duzue jarrera? Pentsa ze gauza garrantzitsua den jatea, gure espeziearen funtzio biologiko nagusietakoa bizirauteko, eta halaber irakurle beste erantzun araurik ez delako. Eta ez da zertan dena arautu, jakina, baina bitxia bada ikusita beste arlo batzuetan ze xehetasunetaraino zorrozten dugun legea.

Halako kontuekin pasa ohi dut denbora Areantzan haur kotxea bultzatzen ari naizela, edota Joxe Angel Urkiaren txio eta post burutsuekin ikasitakoa buruz errepasatzen; urre gorria dira bere esanak, zenbat bizi behar dudan pentsatzen jarri nauten arte. Orain arte ez dizkiot nire bizitza osoan hamar minutu eskaini auzi horri, halabeharrari dagokion zerbait dela iritzita, baina orain badut ahalik eta gehien bizitzeko borondatearen baitan helmuga jakin bat.

Argi dut 2028. urtera, gutxienez, ailegatu behar naizela. Honaino irakurtzera iritsi bazarete, pentsatuko duzue, akaso, zelatan pasa naizen gaiarekiko axola faltatik bizi-itxaropenaren zehaztasunera horren denbora gutxian. Ez du misterio handirik: Espainiako Gobernuak nahi du sekretu ofizialen argitalpena berrogeita hamar urte atzeratu haientzako delikatuak diren kasuetan. Eta nik jakin nahi dut gure izeba, Agurtzane Arregi, nork hil zuen, nork agindu zuen atentatua eta nork ordaindu. Modu ofizialean, agirietan irakurri gura nuke. Krimen hori 1978an gertatu zen, trantsizio eredugarrian. Nahi dute 2028. urtean argitaratu egia, kasurik onenean legea aldatzera ailegatzen badira, eta ez zaie aurpegian lotsa berorik nabaritzen. Senide askorentzat beranduegi da; zoritxarrez, joan zaizkigu, eta ez da haiekin justizia egin.

Janaria ez ezik, berbak ere erortzen dira lurrera. Bada atzera ere hauek jateko inongo arazorik ez duenik, batez ere, oposiziotik gobernura igarotzean. Hori omen araua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak