Euskal letretan azken hilabeteotan atera da liburu interesgarririk oroitzapen ariketa gisa, baina, egiari zor, ez ditut irakurri, eta beste baterako utziko ditut. Nik buruan dudan liburua, zuekin partekatu nahi dudana, Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano da, 1974an nobela historikoa goitik behera eraldatu zuen maistralana. Flauberten esaldi bat aipatzen du Yourcenarrek oharretan: "Jainkoak ez zirenean jada existitzen eta Kristo artean agertu gabea zenez, momentu bakana egon zen, Zizeronetik Marco Aurelioraino, soilik gizakia egon zena". Hura garaia hura! Hain zuzen, Marco Aureliori eskaintzen dizkio oroitzapenak fikzioko Hadriano enperadoreak, gizon honen mentalitatea bikain jasotzen duen testu marabilla honetan. Zertatik marabilla? Batetik, botere gorenaren jabe den gizon baten pasio, kezka, itzal eta handitasunaren konpilazio aparta delako. Bestetik, obra politiko brillantea delako, Erromaren handitasunaren berme gisa konkista ez diren beste metodo batzuk nabarmentzen direlako, eta horretan Hadriano jakintsuak egiten duen ahalegina. Bukatzeko, gaztelaniazko itzulpena Julio Cortazar handiarena da, eta aizue, egunero ez da halakorik esku artean edukitzen. Euskaraz ere bada lana, Hadrianoren oroitzapenak izenburuarekin, Joxe Austin Arrietak 1985ean itzulia, eta, aditu dudanez, itzulpen aparta da. Cortazarren edo Arrietaren artean aukeratzea luxua da, ez da hala?
Memoriak irakurtzen memoria ariketari buruz aritu naiz pentsatzen. Zer du batek ondorengoei kontatzeko? Nik gero eta gutxiago, hori ziur. Hitz egiten ikastea baino gehiago kostatu zaidala isiltzen ikastea, lodi egoteak ez nauela lodifobiatik libratu, gorroto ditudala autobusetako eserlekuak hankak ezin kabitu egoten naizelako eta interes gutxiko beste txikikeria batzuk. Hobe Hadrianorenak irakurri eta Yourcenarren talentuaz gozatu.