Hau guztiau eta gehiago Isabel Solerren Miguel de Cervantes: Los años de Argel obran ageri da –bigarrenez dakart egile hau, eta ez debalde, bazter honetara–. Balio gutxiago zuten presoak beste zeregin batzuetarako zituzten, esklabotarako edo galeriano; alegia, kortsario-ontzietan arraunean arituko ziren gatibu.
Presoei ez zieten jaten ematen. Hauek askatasuna zuten hirian zehar mugitzeko, katez lotuta, betiere, eta, horrela, tratutan aritu beharra zuten bizirik irauteko Aljerko musulman, berbere, turkiar, morisko nahiz judu Gaztelatik kanporatu, merkatari, agente komertzial, diplomatiko nahiz espia, franko edo bertan geratzen ziren preso ohien eta arnegarien artean. Azken hauek, turkoak lanbidez. Antonio de Sosak esango zukeen moduan, pribilegio ugari zuten kristau ohiak ziren, gatibutzatik askatu eta kortsario lanari ekiten ziotenak. Benassar ikertzailearen arabera, 1550-1700. urteen artean 300.000 kristauk erabaki zuten musulman egin eta fede berria besarkatzea. Aljerren zeuden kristau arnegarien artean errusiarrak, bulgariarrak, poloniarrak, hungariarrak, daniarrak, norvegiarrak, eskoziarrak, ingelesak, irlandarrak, flandriarrak, andaluziarrak, bizkaitarrak, nafarrak, siziliarrak, napolitarrak, etiopiarrak, hinduak eta Brasilgo jatorrizko herrietako partaideak zeuden, beste hamaika herrialdetakoen artean.
Cervantes lautan ahalegindu zen Aljertik ihes egiten. Ez zituen bere iheskideak salatu, eta horregatik zigortu zuten, Monzonek Itziarren semea goretsi baino 400 urte lehenago. Preso egon denak askatasunarekin amesten du eta nik, egun batez, bederen, Aljer hura ezagutzearekin.