Mapez ahaztu garela dirudi telefono mugikorren garaiotan. Garai batean, etxeetan, egongelen hormetan, mendizaleen motxiletan eta kotxe orotan zuten txokoa. Haiek tolestea erronka zen ni bezalako baldarrentzat. Mapetan irakurtzen genituen gure penak, euskararen atzeratze geografikoa eta Euskal Herriaren zatiketa, eta gure pozak, Ekialdeko Timorrek milaka eta milaka mapa aldatzera behartu zuenean, adibidez. Dudan adinaren adierazgarri bada zapatiletan aurreneko Made in Taiwan hura ikusi eta mapan aurkitu nueneko akordua.
Mapen aldarrikapena egitera natorkizue, mapak direlako aldaketak gauzatu izanaren froga eta ditugun ametsen notariotza-akta. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen paretetako mapetan Trebiñuren hutsuneak ematen duen mina eta gure mapa propioetan zazpi herrialdeen batasuna irudikatzeak ematen duen borrokatzeko grina. Mapei esker badakigu Suezko Kanala ezin erabiltzeak Europari egiten dion kaltea edo zergatik Libiako gerra katastrofikoaren ondorioak jasaten dituen Italiak eta ez Alemaniak.
Esan diezadakezue oker nagoela, konfinamendu perimetralaren aroan denok arakatu genuela gure herrien mapa arnasteko txoko bila. Malgua da arrazoiaren jabetza kasu honetan, mapak euren ederrean ez baitira zehatz, eta bizitza mapak gainditzeko egina da: gauza bat da paperean jasotzen dena eta beste bat, oso ezberdina, urak daroan bidea. Areantzako, horrenbestez, Aretxabaletako, baserri batzuk mezetara Mendiolara joaten ziren; hots, Eskoriatzara. Luzaide mapan Nafarroa Garaia dela jartzen duen nork uka dezake bere arima garaztarra? Mapen interpretazio estuak galbidera eroan gaitzake. Nire familiak erroetako bat Bergarako lurretan den Artzubi baserrian duen arren, nork uka haiei euren Musakolartasuna, parean zutenean Aranguren eta alboan Kataide, Garratz eta Zabaleta? Mapek gauza bat diote, bizitzak beste bat. Badakizue, Musakolatik atera gabe, zeri buruz ari naizen.