Guridi maisuaren musika ere ederra da. Lagun batek esan zidan arreta jartzeko horretan, eta benetan arrazoia du. Antzezle eta abeslariak ere duin, txukun, elegante. Ziur nago herri gutxik dutela horrelako obra bat prestatu eta taularatzeko gaitasuna eta adorea.
Baina bat jartzekotan, obraren libretoari da. Badakit El caserío 1926ko obra dela eta orduko begiekin begiratu behar dela, baina emakumeen trataera, euskalduntasuna edota klase sozial aspektuak oso nabarmenak egin zaizkit. Niri, pastoralen adibidea etorri zait burura, oso genero tradizionala Xiberuan, baina azken urteotan obra moderno eta berritzaileak planteatzeko gai izan dena. Iruditzen zait interesgarria izango litzatekeela zarzuelak ere tematika zein ikuspuntu garaikideak txertatzea bere obran. Kultur generoa biziko bada, berritasuna da gakoa, Jon Maiak bertsolaritzari buruzko bere azken lanean errepikatzen duen moduan.
Halere, nire iritzi xumea besterik ez da azken hau. Oro har, zoriontzeko moduko lana iruditzen zait Izaskun Murgia Elkarte Lirikoarena. Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Amaia Udal Antzokiko lantaldea. Oso harro egon behar ginateke udal kultur ekipamenduetan lanean ari diren langileez. Lan profesional eta hurbila egiten dute, bejondeiela! Oraindik beste asteburu batez dago zarzuela antzokian, nik ez nuke aukera pasatzen utziko.
----------
Eneko Barberena Mondragon
Arrasate