Adierazgarria da gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek ere gure iritzi bera azaldu zutela Udalean eginiko azken Pertsonal Batzordean.
Bibliotekan diren ordenagailuetan egon den aholku zerbitzua kendu du Udal Gobernuak, bibliotekako langileen esku utziz ardura bat gehiago, lanorduen gehikuntzarik gabe. Aholku zerbitzu hau informatikariak eman zuen eta 2016ko irailetik 2017ko abuztura 27.245 erabilera-saio izan zituen, 3.368 erabiltzaileren eskutik, eta epe horretan bakarrik 520 erabiltzaile berrik baliatu zuten zerbitzua. Egunean zehar erabilera baxuena azken orduan duen arren –394 erabilera-saio–, 18ak eta 19ak bitartean, esaterako, 4.163 saio egin zituzten erabiltzaileek ia urte batean.
Oposizioko alderdiok uste dugu ez dagokiela liburutegiko langileei lanpostu hau gauzatzea, eta informatika aholkulari lanpostuari eutsi beharko litzaiokeela ondorengo arrazoiengatik:
1.-Erabiltzaileen profila. Kasu askotan, baliabide urriko pertsonak dira, informatika erremintetara sarrera edukitzeko beste posibilitaterik ez dutenak, zerbitzuak integrazio funtzio bat ere osatuz. Horretaz gain, erabiltzaile askok informatikako nozio oinarrizkoak behar dituzte euren beharrak egiteko: dokumentuak inprimatu, eskanerra erabili, bizitza laborala osatu…
2.-KZgunea ez da alternatiba. KZguneak ikastaroak eskaintzen ditu bere jardun ia osoan eta nekeza da erabiltzaileei aholkua emateko tartea bilatzea. Gainera, behar asko puntualak dira, momentuan ebatzi beharrekoak, eta KZgunearen ikastaro profilak ez ditu behar hauek asetzen.
3.- Bibliotekako funtzionamenduaren kalitatean eragina izango du. Oposizioko alderdiok uste dugu bibliotekan ematen den zerbitzua oso ona dela eta ez gaude prest zerbitzuaren kalitatean jaitsiera onartzeko, pisuzko arrazoirik gabe. Kasu honetan, Gobernuak egin dituen azalpenak nahikoak ez direla uste dugu kalitate txartze hau justifikatzeko.
Eztabaida Pertsonal eta Kultura batzordeetan ematen saiatu gara. Kultura batzordeburuak muzin egin dio eztabaida honi, nahiz eta Kultura Sailaren menekoa den biblioteka zerbitzuari bete-betean eragin. Pertsonal batzordean, aldiz, ez zen eztabaida amaitu eta ez da amaituko, Gobernuak ebatzi baitu zerbitzu publikoen murrizketa alkatetzaren erabaki bidez.
Irabazi, Baleike eta EH Bildu alderdiok uste dugu hau ez dela Udalak behar duen norabidea, behar sozialak asetzea ezinbestekoa delako zerbitzu publikoen kalitateari eutsiz.
----------
Juan Luis Merino, Igor Urizar eta Eneko Barberena
Irabazi, Baleike eta EH Bildu alderdien izenean
Arrasate