Euskal Autonomia Erkidegoko testuinguru industriala ez da Arantza Tapia horrenbeste promozionatzen duen Teleberri-k azaltzen digun bezain bare eta baikorra. Ez da erraza, ordea, etengabekoa den propaganda instituzionalaren erruz gure industria egoeran alea eta lastoa bereiztea. EH Bilduk, uztailean, Iker Casanova legebiltzarkidearen eskutik, bestelako irakurketa errealistago eta aurrera begirako plangintzetarako abiapuntu aproposago bat eskaini zuen industria ereduaren arloan.
Orainaldi industriala ez da erraza. 2008 eta 2015 bitartean suntsitutako lanpostuak 80.000 izan dira. 2017ko uztailean 15 enpresatan galtzeko arriskuan diren lanpostuak 3.000 dira, tartean Edesa Industrial eta Geyser-Gastech Arrasate eta Debagoieneko enpresen lanpostuak. 2015arekin alderatuz, 2016an enpresa berrien sorrerak %4,1 egin du behera. Honekin lotuz, 2008ko krisiaren eztandatik hona 6.000 enpresa suntsitu dira gurean, txiki, ertain edota handiak.
Eusko Jaurlaritzak ez du lidergorik gai honetan industria 4.0 deritzon kontzeptu bat, inork oraindik zehazki definitzen ez dakiena, saltzetik harago. EH Bilduk, aldiz, ondorengo oinarriak eskaintzen ditu industria eredu berri baterantz:
1. Eredu berriak sozialki bidezkoa izan behar du, enpresei zerga politika egokia aplikatuko diona eta lan harremanak babestuko dituena, soldaten bidez aberastasunaren birbanaketa egiteko. Gaur egun, ordea, Jaurlaritzak ez du harremanik sindikatu nagusiekin eta horrela ez dago bidezko eredu bat eraikitzerik.
2. Eredu berriak jasangarria izan behar du ingurugiroaren ikuspegitik. Gaur EAEn kontsumitzen den energiaren %7 soilik dator iturri berriztagarrietatik eta klima aldaketaren aurrean erantzukizunez jokatu behar dugu.
3. Eredu aurreratua behar dugu teknologia arloan. Propagandatik harago, datuek erakusten dute azken urteotan Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzan gertatzen ari dena tragedia bat dela. Europan bigarren mailan gaude, eta atzera goaz. I+G+B atal horri bideratzen zaion Barne Produktu Gordinaren (BPG) ehunekoa gero eta murritzagoa da Urkullu Lehendakaritzan dagoenetik. Europak %3ko inbertsioa egitea gomendatzen du, baina hemen %1,84an gaude.
4. Eredu berriak lurraldeen arteko oreka ahalbidetu behar du.
5. Eredu berriak bestelako neurriak aurreikusi behar ditu enpresei laguntzeko finantzazioari eta internazionalizazioari dagokienez, herriarekiko lotura bermatzeko eta enpresa txiki eta ertainei arreta berezia eskaintzeko.
Sustatu dezagun eztabaida, instituzioetan beharrezkoak diren neurri hauek bultzatzeko. Erakuts dezagun kalean bagarela hainbat eredu industrial berri baterako trantsizioa nahi dugunak. Gure ondorengo hurbilen ogia dugu jokoan.
----------
Eneko Barberena
Arrasateko EH Bilduren izenean
Arrasate