Jon Sarasuak hiztunpolisean "belaunaldi nerabe" deitzen die. Edota gaineratzen du: "Modernitateko egia handien fededunez osatutako belaunaldi progresistak euskal kulturgintza osoa betetzen du garai honetan". Kantautoreak ere: "Belaunaldi moduan, nahi ez genuen guztia lortu dugu". Badirudi euskal moderniaren sinboloen erorketa (aro aldaketa) ez dela kasualitatea. Borroka armatuaren amaierak, Fagorren krisiak... ebidentziatu dute "modernoen" asmoen arrakalak uste baino sakonagoak zirela. Baina zer nahi zuten modernoek? Berriki Koldo Izagirrek dio: "Esperantza handia zegoen 1970eko hamarraldian. Galdera unibertsalak planteatzen genizkion gure buruari eta erantzun unibertsalak ematen saiatu ginen". Hezkuntzari, euskalgintzako materiala sortu eta banatzeari, telebista-egunkariei, lanari... erantzun nahi zieten. Posmodernook modernoen arrakalak ondo identifikatu ditugu. Zinikoak, ironikoak eta pittin bat krudelak izan gara eurekin. Erantzun partzialak emateko egitasmo konprometituak sortu ditugu, ideologikoki purutasun punttuaz, moderniaren "munstroekin" alderatuz.
Akaso moderniaren krisiari erantzuna partziala izan behar da, txikia, horrenbeste anbizio-gabea. Baina goiz ala berandu, iritsiko zaigu guri ere erantzun unibertsalak aurkitzea...
Eta asmatuko dugun ala ez, hurrengo belaunaldikoek esango digute.