Hori salatzeko, 30 minutuz musika kendu zuten tabernetan. Sabela nahasi zaigu askori erasoaren berri izatean. Hedabideetan eta kafe-tarteetan etengabe azpimarratzen da sanferminak "legerik gabeko jaiak" direla. Baina ez dago sobera gogora ekartzea adierazpenaren eta askatasunaren santutegi ditugula Euskal Herriko hiriburu zaharreko jaiak. Garai zailenetan ere, umorea herritarren arma nagusi eginez, ohorezko herri topagune.
Ez da harritzekoa, beraz, iruindarrek emakumeen aurkako erasoei aurre hartzeko duten grina. Sentsibilizazio eta aldarrikapen kanpaina ugari egin dituzte. Iragarki matxistak kentzeko eskaera, txupinazoan eraso sexistak saihesteko neurriak, formazioa herritarrei, kazetariei, udaltzainei, babes zibileko langileei, baita autodefentsa feminista tailerrak ere. Asko dago egiteko, baina iruindarrak ari dira. Horregatik izan dugu 19 urteko neska gazteak jasandako erasoaren berri. Ez da isilpean geratu eta modu eredugarrian erantzun egin diote kolore ezberdinetako herritarrek aho batez.
Lekukoa, jasoko dutenen zain da. Erasoak ez baitira festa giroan bakarrik gertatzen. Emakumeok eguneroko bizitzan, hainbat mailatan, jasaten dugun errealitatearen parte da. Hurbileko lagun, militante, lankide, familiako edo bikotekideari eraso bat leporatzen diotenean ere 30 minutuz isiltzen gara, batzuetan bestaldera begiratuz eta "ziur neska hasiko zela berotzen", "ez zen hainbesteraino izango"… pentsatuz, esanez. Ez baita atsegina, ez da erosoa, gogorra da, emakumeok, emakume garelako, askotan ikusezin den errealitatea pairatzen dugula ikustea, horretaz jabetzea.
Saia gaitezen 30 minutuz gertuan edo ezezagunaren erasoa jasan duenaren larruan jartzen. Ingurura begiratzen. Ez dira eta gutxi izango, zoritxarrez. Saia gaitezen ez isiltzen.
----------
Ekhiñe Atorrasagasti eta Ainhoa Narbaiza
(Martxanterak! Taldeko kideak)
Bergara