Krisi mahaia momentuz bertan behera gelditu den honetan, EAJ-PNV udal taldeak krisia hasi zenetik egindako lanketaren inguruko balorazioa egin du. “Krisia ez da bukatu eta mahaia berriz ere aktibatzeko aukera hor dago, guk behintzat elkarlanerako borondate horri eusten diogu” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak. EAJk azaldu duenez, COVID 19ak sortutako krisiaren aurrean erantzukizunez eta jarrera proaktiboarekin jardun du udal taldeak, hasieratik egin baitu elkarlanaren aldeko apustua eta gobernuan ez dagoen udal talde bezala, bere esku zegoena egin du Oñati eta oñatiarren alde. “Udal gobernuak du kudeaketaren ardura eta berak ditu neurriak teknikariekin gauzatzeko baliabideak” azaldu du Ainhoa Galdosek, “hala ere argi izan dugu hasieratik ezin genuela kritikara mugatu eta soluzioaren parte aktibo izan nahi genuela eta horretara bideratu ditugu gure indarrak”. Jeltzaleek martxotik orain arte egindako ibilbidea laburbildu dute.
Martxoaren 26an, konfinamendu garaian, egin zen lehen osoko bilkura telematikoa eta bertan 2019ko aurrekontuaren likidazioa izan zen gai nagusia. Bertan azaldu zuten jeltzaleek, zorpetze maila aintzat hartuta, krisiari aurre egiteko egoerarik egokienean ez zegoela udala eta zuhurtziaz eta elkarlanean aritzea beharrezkoa izango zela. Osoko bilkuran, konprometituta ez zeuden gerakineko 2 milioi inguru zertara bideratu onartu zen eta zetorren krisia aintzat hartuta, EAJ udal taldeak aurkako bozka eman zuen, ulertuta gerakina zertara bideratu erabakitzeko momentua ez zela. Osoko bilkura ekarpenak egiteko ere erabili zuen Jon Kepa Gerrikagoitia zinegotzi jeltzaleak, bertan jarri zituen mahai gainean bai hainbat hobari eta baita kontsumoa sustatzeko bonoak ere. Osoko bilkura hartan bertan aipatu zuten jeltzaleek bertan kontsumitzeko kontzientziazioa kanpaina baten beharra.
Proposamen horiek eta beste batzuk elkarlanean lantzeko, krisi mahaia sortzeko eskaera egin zuten eta bertan aritu dira udal gobernuarekin eta teknikariekin elkarlanean. Dirulaguntza pack baten beharra era mahai gaineratu zuten jeltzaleek eta teknikoki eta politikoki egindako lanketaren fruitu izan dira azken osoko bilkuran onartutako neurriak. EAJk kultur eragileekin kultur arloko proposamenak egiteko foro bat sortzeko eskaera ere egin zuen, bertan lantzeko arlo honetan zituzten ekarpenak eta udal gobernuak foro horren sorrerari ezezkoa eman bazion ere, jeltzaleek kulturaren inguruko beren ekarpenak kultura batzorde buruari helarazi zizkioten udal gobernuaren aldetik kulturaren inguruko neurrien berririk jaso aurretik. Proposamen horiek herriko taldeen kultura sormena sustatzea, kontratatuta eta bertan behera gelditu ziren ikuskizunei eustea eta jai eta jaialdiei, beste era batera bazen ere, eustea zuten helburu.
Apirilaren 3an eratu zen jeltzaleek eskatutako krisi mahaia eta bertan beste herri batzuetako ereduak mahai gainean jartzeaz gain, osoko bilkuran egindako ekarpenak ere landu ziren, tartean, EAJk proposatutako bonoak. Caritasek izan zezakeen eskatzaileen kopuruak gora egingo zuela aurreikusita udaletik laguntza bideratzea ere proposatu zuen EAJk. Astez aste bildu den mahaian EAJk ekarpenak egin eta neurrien lanketan parte hartu du eta mahai horretan lehenik eta udalean ondoren teknikoki landu dira azken osoko bilkuran hartutako neurriak eta baita beste hainbat, esaterako, komunikazio eta kontzientziazio kanpaina.
“Gure esku zegoen guztia egin dugu, hori delako herri ordezkari garen heinean gure erantzukizuna. Inork ezin du zalantzan jarri propositiboak eta proaktiboak izan garela eta ez garela kritikatzera mugatu” dio Galdosek, “baina gu ez gaude gobernuan eta neurriak gauzatzea udal gobernuari dagokio, beraiek dutelako ardura hori eta baita horretarako baliabide teknikoak ere” amaitu du Galdosek.