Covid 19ak arriskuan jarri du gure osasuna eta gizarteak erantzun bikaina eman du arrisku hori mugatzeko jarri diren neurriak errespetatuz eta auzolanean arituz. “Konfinamendu neurriek gure bizimodua zaildu badute ere, guztion artean egiten ari garen esfortzua fruituak ematen ari da eta horrek erakusten digu elkarlana eta batasuna direla gaitz honi aurre egiteko bidea” adierazi du Ainhoa Galdos EAJ udal taldearen bozeramaileak. Jeltzaleek azaldu dute, osasuna babesteko neurriekin jarraitzea beharrezkoa izango dela eta lehentasuna guztion osasuna babestea izango dela baita aurrerantzean ere, baina osasun krisi honek ondorio ekonomiko garrantzitsuak ere ekarri dituela eta horiei aurre egitea eta inor atzean ez uztea ere ezinbestekoa izango dela. EAJk azaldu du argi izan duela hasieratik elkarlana beharrezkoa dela egoera honi aurre egiteko eta horregatik proposatu zutela udalak hartu beharreko neurriak lantzeko mahaia sortzea. “Erakundeetan erantzukizuna dugun pertsona eta alderdiok eredugarriak izan behar dugu elkarlan horretan, ez da hika-mikatan ibiltzeko momentua, guztiok bat eginik arazoei irtenbideak bilatzekoa baizik eta hortxe jarri ditugu gure indar guztiak” dio Galdosek. Galdos minduta azaldu da Oñatiko EH Bilduren jarrerarekin, izan ere, elkarlanean adostutako neurriak udal gobernuaren erabaki bezala aurkeztu nahi izan ditu EH Bilduk, bide batez, Eusko Jaurlaritzaren aurka jota, eta horri erabateko leialtasun eza irizten dio Galdosek “Elkarlana beharrezkoa den garai hauetan horrelako jarrerak ez dira onargarriak. Bi alderdiak gauden mahaiak, guk proposatuta sortutako mahaiak, landu eta adostu ditu erabakiak. Udalak sortu du beraz diru poltsa, ez udal gobernuak bakarrik. Erakunde bakoitzak bere esku dagoena egin beharko du. Ez da hika-mikatan ibiltzeko momentua, elkartasunerako momentua baizik. Denak ez du balio lehia politikoan” adierazi dute jeltzaleek.
Udalean martxan jarritako mahaia horretan, esan bezala, adostu dituzte bi alderdiek lehenengo neurriak, erosketa bonuak, ohiko gastuei aurre egiteko dirulaguntzak… “Gizarte zerbitzuetatik egoera zaurgarrian dauden pertsonei egin behar diegu arreta, baina tokiko ekonomia ehuna mantentzeko neurriak ere beharrezkoak dira Oñati bizirik mantentzeko eta lanpostuen galera ekiditeko”. Merkataritza eta ostalaritza egoera zailean daude, kasu askotan jarduera erabat etenda, baina baita profesional eta autonomoak ere, iturginak, igeltseroak… eta guztiek beharko dute neurri batean edo bestean udalaren laguntza jeltzaleen ustez. “Gizarte zerbitzuetara beste 35.000 euro bideratu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak Larrialdiko dirulaguntzetarako emandako diruari esker, izan ere, Caritasek iragarri berri duen moduan orain arte laguntzarik behar ez zuten familia askoren egoera ere aldatu du krisi honek eta pertsona gehiago daude laguntza eskatzeko egoeran” azaldu dute.
Jeltzaleek esperantzarako datuak ere ikusten dituzte, ez bakarrik osasun egoera egonkortzen ari delako, baita ekimen solidarioak eta gizartearen erantzuna esperantza iturri direlako ere. “Oñatiko Magnet enpresak irabazi asmorik gabe martxan jarritako Kuttuna bonoen ekimena arrakastatsua izaten ari da, dagoeneko 60.000 eurotik gorako salmenta egin da eta herritarrek erakutsitako solidaritate horrek likidezia emango die itxita dauden establezimenduei” azaldu du Galdosek. Jeltzaleek uste dute gizartearen solidaritate hori ere ikusiko dela Caritasek dirua biltzeko egin duen deialdian ere, “krisi honetatik irakasgai ugari atera beharko ditugu, baina gizarte bezala ere indartuta aterako garela uste dugu, pertsona eta kolektibo asko eta askoren jarrera eredugarria izaten ari delako”. “Epe motz eta ertainera neurriak lantzen ari gara, baina epe luzera ere izango dugu zer egina, krisi honek utziko duen arrastoa luzea izango baita. Distantzia luzeko lasterketa batean gaude , baina guztiok bat eginik inor atzean utzi gabe egoerari aurre egitea lortuko dugu” amaitu du Galdosek.