Oñatin CO2 isurketa helburuak betetzeko erabakigarria izan daiteke lehen sektorea

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2020ko ots. 17a, 11:59

Oñatiko EAJ udal taldea, basogintza sektoreko nahiz nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko pertsonekin lanean ari da, jeltzaleen iritziz klima aldaketari aurre egiteko aurre egiteko erabakigarriak izan daitezkeen sektore horiek biziberritzeko. EAJk 2020ko aurrekontuetarako egindako ekarpenen artean zegoen abeltzaintza sektorearen diagnosia egiteko kontu-saila eta diagnosi hori egiteko bidean lanean dabil Andoni Altuna zinegotzi jeltzalea sektoreko hainbat pertsona eta gobernu taldearekin elkarlanean.

Argi dago egungo gizarteak duen erronka nagusienetako bat, agian nagusiena, klima aldaketari aurre egitea dela. Hori horrela iritzita, EAJk bere jardunaren ardatz nagusietako bat egin du eta horrela jaso zuen bere hauteskunde programan, baina aurreko urteetatik ere bere jardunaren ardatzetako bat izan da eta aurrekontuetako proposamenetan eten gabe egin ditu lehen sektorea biziberritzera bideratutako proposamenak, sektore honen biziraupena klima aldaketari aurre egiteko bidean ezinbestekoa dela pentsatzen baitu. 2020ko aurrekontuetarako bi proposamen konkretu aurkeztu zituen EAJk lehen sektorearen eta klima aldaketaren inguruan, batetik, nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko diagnosia egiteko kontu-saila eta, bestetik, klima aldaketari aurre egiteko plana osatzeko kontu-saila. Proposamen horietan lehena onartua izan zen udalbatzan gehiengoa duen gobernu taldeak aldeko botoa eman baitzuen, bigarrena, aldiz, ez zen aurrekontuetan jaso EH Bilduk bere aurkako bozkarekin atzera bota zuelako. Bi proposamenetan lehena bakarrik onartua izan arren, jeltzaleak bietan ari dira lanean, izan ere, EAJk uste du beharrezkoa dela klima aldaketari aurre egiteko tokiko plan bat osatzea, Eusko Jaurlaritzatik proposatzen diren estrategiekin koordinatuta eta Europak ezartzen dituen helburuak kontutan hartuta.

Lehen sektorearen inguruko diagnosiari dagokionez, Andoni Altuna zinegotzi jeltzalea lanean ari da dagoeneko sektoreko hainbat pertsonarekin eta gobernu taldearekin elkarlanean. Zinegotzi jeltzaleak dioenez, “lehen sektorea giltzarri izan daiteke epe labur zein ertainean, bioekonomia (bertako baliabideez hornitzen dena, alegia) sustatu behar dugu, km 0 produktuen ekoizpena eta kontsumoa sustatu behar ditugu eta gure ingurua zaintzen duen lehen sektorea babestu behar dugu”. Bide horretan, Oñatiko lehen sektorearen diagnosia egitea ezinbestekoa da EAJrentzat, honen biziraupena bermatuko duten neurriak identifikatuz eta klima aldaketari aurre egiteko soluzioen parte izan dadin. Lan horretan dabil buru-belarri Altuna, baina ikuspegi globalago bat alde batera utzi gabe, esan bezala tokiko erakundearen eta gainerako erakundeen arteko sinergiak bilatzeko.

Klima aldaketari dagokionez, epe motzean eragingo duten neurriak hartzea beharrezkoa da jeltzaleentzat, egun bizi dugun klima krisiak ez baitu denbora tarte handirik uzten. “Epe motzean emaitzak emango dituzten neurriak landu behar ditugu klima aldaketaren eragina behin betikoa izan ez dadin, aldi berean epe ertain eta luzekoak landuz, baina ez azken horiek bakarrik, eraginkorrak izan behar dugu lehen bai lehen”. Zinegotzi jeltzaleak gaineratu duenez “klima aldaketari aurre egiteko, tokian tokitik lan egin behar dugu globalean eragina izateko eta horretarako arazoaren zein zati dagokigun kontziente izan behar dugu, soluzioaren zein zati dagokigun jakiteko; adibidez, Oñatiko CO2 isuriei erreparatzen badiegu, urtean 21.700 Tm de CO2 isurtzen ditugu autoen desplazamenduetan bakarrik. Desplazamendu horiek murriztea soluzioaren zati bat izango da, noski, baina honek gizartean aldaketa bat eskatzen du eta aldaketa horiek epe luzea behar izaten dute” adierazi du Altunak.

Zinegotzi jeltzalearen iritziz, Oñatik martxan jarri beharreko epe motzeko beste soluzio batzuk badira eta horretarako baditugu gainera baliabideak Oñatin, bioekonomiaren baitan basogintza sustatzea, esaterako, bioekonomia horren lehengaia den egurra ekoizteko CO2a beharrezkoa izanik, horrek atmosferatik aipatu gasa xurgatzea dakar eta. Altunarentzat garrantzitsua da, halaber, norberak, bai norbanako modura edo kolektiboki, ingurumenean sortzen duen arrastoaren kontziente izatea eta arazoa eta balizko soluzioak ezagutzea. Bide horretan, datozen hilabeteetan jardunaldi batzuk prestatzeko asmoz dabil.Uste dut badaudela soluzioak baina lehen bai lehen martxan jarri behar ditugu, galtzeko denborarik ez baitugu eta beharrezkoa da gizartean ezagutza eta kontzientzia sustatzea” amaitu du zinegotzi jeltzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak