EAJk 25 proposamen aurkeztu ditu 2020ko aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz eta horietatik 5 onartu ditu udal gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2019ko abe. 17a, 10:16

Jeltzaleek 550.000 euroko kopurua osatzen zuten proposamenak egin zituzten hasiera batean eta udal gobernuarekin adostasunetara heltzeko asmoz 197.000 eurora doitu zuten hasierako proposamen hura, azkenean 62.000 euroko kopurua baino onartu ez badu ere udal gobernuak. Proposamenak egiteaz gain, jeltzaleek azpimarra jarri nahi izan dute bai 2019rako eta bai 2020rako herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan egindako ekarpenetan eta aurten bete ez direnak eta hurrengo urterako aurreikusiak zeudenak, guztiak, aurrekontuan jasotzea eta betetzea eskatu dute.

Oñatiko EAJk 25 proposamen aurkeztu zituen abenduaren 5ean, udal gobernuaren 2020ko udal aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz, proposamen horiek guztira 550.000 euroko kopurua osatzen zuten. Geroztik, udal gobernuarekin elkarrizketak izan dituzte jeltzaleek aurrekontuak adosteko asmoz eta Udalaren zorpetze maila dela eta, aurten inbertsioetarako 1,8 milioi baino ez daudela ikusirik, hasierako proposamen hori 197.000 eurotara doitu zuten adostasun batera heltzeko bidean pauso garrantzitsua emanez. EAJren proposamenak askotarikoak eta alor desberdinetakoak izan dira.

Kirola, hirigintza eta zerbitzuak, landa auzoak eta ingurumena

Kirolen arloan, Azkoagain futbol zelaiko instalazioak izan dituzte lehentasun, izan ere, Azkoagainen egoerari oso larria iritzi diote eta beharrezkoak ikusten dituzte segurtasuna bermatzeko. Hirigintza eta zerbitzuei dagokienez, 3 izan dira EAJk ezarri dituen lehentasunak, Olakua-Olapoto auzoko iragarritasuna hobetzeko obrak, Bizikidetza Ordenantza eta Arantzazuko komunak konpontzea. Landa auzoetarako ere egin dituzte hainbat ekarpen, esaterako, Nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen egoeraren diagnostikoa, edota landa auzoetako argiteria hobetzeko plan orokorra egitea eta lehen eremu bat argiztatzea. Ingurumenean, aldaketa klimatikoari aurre egiteko plana egitea ere beharrezko ikusten du EAJk, bakoitzaren txikitasunetik asko egin daitekeelako mundu mailako arazoa den honi aurre egiteko eta ekintza horiek eraginkorrak izateko planifikazioa eta konpromisoa beharrezkoak dira jeltzaleen ustez.

Kultura, euskara, gaztedia eta berdintasuna

Kultura arloan, 2020ean aurreikusita dituzten ekintzak aurrera eraman ahal izateko, udal bandaren urteko dirulaguntza  2.000 euro igotzea proposatu dute jeltzaleek eta baita herriko kultur elkarteen eskaera den kultur ekintzak iragartzeko eta oñatiar guztiei informazioa helarazteko LED pantaila jartzea ere. Euskara alorrean EAJk lehentasunezkoa ikusten du Ostalaritza eta Zaintza zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak aurrera eramatea eta horretarako ere  eskatu du diru partida. Bestalde, kultur-etxean azterketa garaian asteburuetan ikasgelak zabalik egoteko partida bat ere eskatu dute, Oñatiko gazteek ikasketetan buru-belarri daudenean aukera hori izan dezaten. Berdintasunari dagokionez, jeltzaleek berriz ere emakumeen segurtasunean jarri dute fokua, puntu kritikoak ezabatzea, argiztapena…

Gizarte politikak eta sozioekonomia

Aurreko legealdian behin eta berriz egin zuten bezala, jeltzaleek berriz eskatu duten beste proposamen bat Oñatik “Euskadi Lagunkoia” programarekin bat egitearena da. Aipatu programak helburu ditu, zahartze aktiboa eta parte-hartze mugimenduak eta zeharkako politikak sustatzea, adin guztietako pertsonentzako Oñati lagunkoi bat egiteko. Herri-mailan, adinka, kontsumoen eta adikzioen diagnostikoa eta Nerabeen Adikzioak Prebenitzeko Plana egiteko partida ere eskatu du EAJk. Sozioekonomiaren atalari dagokionez, EAJk Oñatiko merkataritzak dituen zailtasunetan ezarri ditu bere lehentasunak, begi-bistakoak baitira sektoreka dituen zailtasunak, baita honek dakartzan kaleetako bizitzaren eta lanpostuen galera ere. Horregatik, EAJ-PNVk herrian merkataritza sustatzeko partida ere proposatu du, lau ardatzen baitan egituratu du atal honetarako bere proposamena, Merkatarientzako Trebakuntza Programa Integrala, kontzientziazio kanpainak, turismoaren sustapena eta alde zaharreko lokal hutsei erabilera berriak ematera bideratutako dirulaguntzak.

Herritarrekin hartutako konpromisoak betetzea

Dagoeneko publikoki azaldu duten bezala, larria iruditzen zaie jeltzaleei herritarrekin parte-hartze prozesu baten bidez erabakitako partidak ez betetzea. Aurten egitekoak zirenetatik gutxi batzuk jarri dira martxan eta gutxi horien betetze maila oso baxua da. Horregatik eskatu dute jeltzaleek 2019an bete ez direnak eta 2020rako aurreikusita zeudenak, guztiak, 2020an egitea eta lehentasuna ematea.

Gauzak horrela eta udal gobernuarekin adostasunetara iristeko egindako esfortzuaren ondoren, EAJren proposamenetatik 5 onartzea erabaki du gobernu taldeak, guztira 62.000 euro. Azkoagaineko futbol zelaiko instalazioetan obrak egiteko 20.000 euro (42.000 euro eskatzen dituzte jeltzaleek), Arantzazuko komunak konpontzeko proiektua 20.000 euro (50.000 euroko partida eskatu du EAJk, proiektua egitetik harago, obrak ere egiteko), nekazaritzaren eta abeltzaintzaren diagnostikoa 6.000 euro, landa auzoetako argiteria hobetzeko plan orokorra egitea eta lehen eremu bat argiztatzea 20.000 euro eta Ostalaritza eta Zaintza zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko ekimena aurrera eramateko 6.000 euro.

Proposamen batzuk partidarik gabe lantzen hasteko aukera dagoenez, horiek 2020an zehar mahai gainean jarri eta jarraipena egiteko asmoa azaldu du EAJk, esaterako, Euskadi Lagunkoia ekimenarekin bat egitea. Bestalde, herri-mailan, adinka, kontsumoen eta adikzioen diagnostikoa eta Nerabeen Adikzioak Prebenitzeko Plana egiteko EAJk eskatutako 15.000 euroko partida, Prebentzio ekintzak partidatik egiteko asmoa azaldu du udal gobernuak. Baina jeltzaleek lehentasunezkoak ikusten dituzten proposamen ugari geratu dira aurrekontu proiektutik kanpo eta osoko bilkuran horiek defendatzeko asmoa. Onartu gabekoen artean azpimarratu nahi izan dituzte, Azkoagaineko futbol zelako instalazioak konpontzeko 42.000 euroko partida, gobernu taldeak 20.000 eurotan uztea proposatu arren, jeltzaleek ez dute nahikoa denik uste. Bizikidetza ordenantza eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko plan egiteko baliabideak jartzea ere lehentasunezkotzat dute jeltzaleek, baita Musika Bandari beharrezkoak dituen baliabideak ematea eta kultur programa iragartzeko pantaila jartzea.

“Proposamenak egiterakoan eta baita udal gobernuarekin izan ditugun elkarrizketetan, helburu izan dugu herritarren beharrei ahalik eta egokien erantzutea” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak. “Herri ordezkariak garen aldetik hori da gure betebeharra eta horretan lanean jarraitzeko konpromisoa dugu, oñatiarrekin eta oñatiarrentzat lan egiteko konpromisoa” amaitu du Galdosek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak