Oñatiko 2020rako udal aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea dago aurreikusita eta udal gobernuak aurkeztu berri dio EAJri bere aurrekontu proposamena. Jeltzaleak hasiak dira dagoeneko aurrekontuaren lanketan, besteak beste, orain aste batzuk iragarri zuten bezala, herritarren ekarpenekin edota hauteskunde programan jaso zituzten proposamenekin. Baina 2020ko aurrekontuetarako ekarpenak egin aurretik, 2019ko aurrekontuen inguruko hausnarketa egitea beharrezkotzat dute jeltzaleek “atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu” . Urtea ixtear den honetan, 2019ko aurrekontuen exekuzio maila oso baxua dela adierazi dute jeltzaleek “beraz, 2019ko aurrekontuetan jasotako konpromiso asko ez dira beteko” azaldu dute. “Maiatzera arte egon zirenek ezer gutxi egin zuten eta ekainetik aurrera daudenek ere ez dute ezer askorik egiten jakin” azaldu dute EAJko kideek.
Herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoak egin gabe
Bereziki larria iruditzen zaie jeltzaleei, orain aste batzuk esan zuten bezala, herritarrekin, parte-hartze prozesu baten bidez erabakitako partiden betetze maila baxua. “Uste dugu herritarrak engainatuta sentituko direla prozesuak eman dituen emaitzekin, gu behintzat hala sentitzen gara” azaldu dute EAJko kideek. “Behin eta berriz eskatu izan dugu herritarren parte-hartzearekin aurrekontuak osatzea eta joan den urtean prozesu hori zabaltzea oso pozgarria izan zen guretzat” jarraitu dute. “Prozesuari gure babes osoa eman genion eta publikoki konprometitu ginen” diote jeltzaleek “baina momentu honetan, parte-hartze prozesutik eratorritako partiden betetze maila ikusita, erabat etsipenduta gaude”. EAJk azaldu duenez, aurten egitekoak zirenetatik gutxi batzuk jarri dira martxan eta gutxi horien betetze maila oso baxua da, adibidez, erabilera publikoko komun irisgarriak jartzeko 110.0000 euroko partida jarri zen eta horietatik 3.748,87 euro baino ez dira erabili, bide segurtasuna hobetzeko zebrabideak argitzeko 20.000 euroko partidatik, 2.262,37 euro soilik eta Olakua auzoko kirol pista edo kantxa hobetzeko 47.000 euroko partidatik 8.040,20 euro. Beste batzuen kasuan ez da ezertxo ere egin, bizikletentzako aparkaleku estaliak egiteko 60.000 euroko partidak zeron jarraitzen du eta baita herriko hainbat puntutan hondakina gaika botatzeko launako zakarrontziak jartzeko 13.500 euroko partidak ere. 2019rako herritarren parte-hartzearen bidez jasotako partiden betetze maila, beraz, azaroaren 27ko exekuzio datuen arabera, benetan baxua da, %6 ingurukoa.
Hala, 2020rako udal aurrekontu proposamenean sartu ditu udal gobernuak parte-hartze prozesuan 2020rako aurreikusitako zenbait ekarpen, besteak beste, Ugarkaldeko haurren jolas parkea estaltzea edota “Emakumeen Etxea” martxan jartzeko herri mailako diagnostikoa egitea, baina, jeltzaleek azaldu dutenez “guk daukagun informazioaren arabera, ez dira sartu parte-hartze prozesuan 2020rako jaso ziren beste zenbait proposamen, esaterako, kartelak, pankartak edo pintadak horretarako egokitutako tokietatik kanpo ez egin edota jartzeko sentsibilizazio kanpaina, aire libreko zine emanaldiak edota zaborra lurrera ez botatzeko kontzientziazio kanpaina. 2019an bete ez direnekin ez dakigu zer pasako den, 2020ko aurrekontuan ez baitira jaso”.
EAJk dioenez, aurrekontuen betetze maila baxua ez da aurrekontu parte-hartzaileen partidatara mugatzen. Gobernuak berak proposatutakoak edota oposizioak egindako ekarpenetatik txertatukoekin ere antzera pasatzen da, hala nola, San Lorentzoko 9 areako lanak, landetako etorbideak, paisaia planak, Txiki txokoko inbertsioak, San Martin hariztiaren plana, Turismo Plan Estrategikoa edota Olakua Olapotoko lanak, “dauzkagun datuen arabera, azaroa amaierako datuak, alegia, 2019ko aurrekontuen exekuzio maila %33 inguruan dago, hau da, hartutako konpromisoetatik heren bat baino ez da bete” azaldu du Ainhoa Galdosek.
Horiek horrela, jeltzaleek azaldu dute “guk gure konpromisoei eutsiko diegu, aurrekontuei ekarpenak egingo dizkiegu, egoeraren jarraipena egingo dugu eta elkarlanerako prest egongo gara, baina espero dugu udal gobernuak ere bere konpromisoei eustea, berea baita udala kudeatzeko ardura”. “Aurrekontuetan jasotzen diren konpromisoak bete beharrekoak dira, bereziki herritarren ekarpenak badira eta beharrezkoa da denborarik galdu gabe lanari gogor ekitea Oñati atzean gera ez dadin” adierazi du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak amaitzeko.