Urteko azken txanpa honetan jakin berri du Oñatiko EAJk,laster jarriko dela martxan Tokiko Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategikoa egiteko diagnosia. Pozik agertu dira jeltzaleak hilabete honetako sozieokonomia batzordean onartutakoarekin, izan ere, EAJk azken urteotan behin eta berriz mahai gainean jarritako eskaria da, 2019ko aurrekontuetan azkenik aintzat hartu eta txertatu zena eta diagnosi hori oso hasierako pausoa bada ere, garrantzitsua dela uste dute jeltzaleek. “Zer egin jakiteko, ezinbestekoa da egungo egoera ongi aztertzea” eta EAJk “hausnarketa prozesu horretan buru-belarri parte hartzeko” bere prestutasuna azaldu du.
Esan bezala, pauso hori oso hasierako pausoa da, “askorentzat berandu datorrena” azaldu dute jeltzaleek, “azken urteotan ikusi baitugu nola itxi diren betiko hainbat denda Oñatin belaunaldi erreleborik gabe”. Arazoa, beraz, ez da berria, horregatik, jeltzaleek urteak daramatzate honen inguruko neurriak eskatzen. Lehenengo pauso honen ondoren eman beharreko pausoak denborarik galdu gabe ematea ere eskatu du EAJk, dagoeneko nahikoa denbora galdu baita. Honen harira, jeltzaleek gogora arazi dute, 2019ko aurrekontuetan EAJk hala eskatuta txertatu zen Turismo planerako kontu-saila ez dela erabili. “Turismoa sustatzea lagungarria da, zalantzarik gabe, Oñatiko merkataritza eta ostalaritzari bultzada bat emateko, ohiko bertako bezeroez gain kanpoko noizbehinkako bezeroak edukitzeak, jarduerak indartzen laguntzen duelako” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak.
EAJk baditu beste zenbait proposamen honen inguruan. Ordenantza fiskaletan egin zituzten jeltzaleek merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko ekarpenak, baina aurrekontuei begira ere neurriak eskatuko dituzte. Alde zaharra erakargarri egitea eta biziberritzea ezinbestekoa da EAJrentzat eta lokal hutsei erabilera emateko jarduerak sustatzeko programa beharrezko ikusten dute. “Merkataritza eta ostalaritza ez da alde zaharrera mugatzen, baina nukleo garrantzitsu bat da eta premiazkoa da berau biziberritzea” azaldu du Galdosek. “Alde zaharreko lokalei bizia eman behar diegu, kaleak txukundu behar ditugu eta espazioa erakargarri egin behar dugu gure herriaren bihotza biziberritzeak, herri osoa biziberritzen lagunduko duelako” jarraitu du Galdosek. Bide horretan doa jeltzaleek beren hauteskunde programan jasotako proposamenetako bat, Kale Zaharreko eta Kale Barriko lokaletan balio teknologikoko enpresen ezarpena bultzatzea, alegia.
Gaztetxoen sentsibilizazioan ere jarri dute azpimarra jeltzaleek, izan ere, merkatari askoren kezka da haur eta gazteek herriko merkataritzaren inguruan duten ezagutza falta. “Ez dugu ahaztu behar gaurko haurrak direla biharko bezero potentzialak eta horiek gabe ezingo duela merkataritzak biziraun” dio bozeramaile jeltzaleak. “Herritar guztiok sentsibilizatzea beharrezkoa bada ere, haur eta gazteengan herriko merkataritzarekiko atxikimendua areagotzea ezinbestekoa da, etorkizunean gure kaleek bizirik jarraitzea nahi badugu eta horretan bada zer egina udaletik” jarraitu du Galdosek.
“Urrats bat egingo dugu diagnosi honekin, baina lan asko dugu oraindik egiteko eta gure eskuetan dagoen guztia egiten jarraituko dugu urrats horiek denborarik galdu gabe ematen jarraitzeko” azaldu du Ainhoa Galdos jeltzaleak eta amaitu du “merkataritza eta ostalaritzarik gabe Oñatiko kaleak ez lirateke izango egun direnak eta horiei eustea ezinbesteko da Oñati bizirik mantentzeko”.