Gizarte Zerbitzuetan Oñati hobetzen jarraitu behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2019ko mai. 21a, 19:17

Oñatin izan da Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, eta Ainhoa Galdos EAJko alkategaiarekin aztertu ditu herriko premia sozialak

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Oñatiko premia sozialak izan ditu aztergai gaur goizean herrira egindako bisitan, lagun izan dituela Ainhoa Galdos alkategaia, datozen Udal Hauteskundeetarako EAJk aurkeztutako hautagaitzako kideak eta alderdikideak. Jubilatuen etxea bisitatu baino lehen, Peñak hitzaldi bat eman du Kultur etxean, lurraldeko gizarte zerbitzuen erronkei buruz. Eta Oñati hizpide hartuta,  esan du gizarte zerbitzuei dagokienez, herria “ondo hornituta” dagoela, “mendekotasunaren arretan, bereziki, baina hobetzen jarraitu behar dugu”.

Bere mintzaldian, diputatuak azpimarratu du gizartearen zahartzeari aurre egiteko (“gaur egun mendekotasuna duten pertsonak 29.000 dira; 2031n, aldiz, 39.000 izango dira”), “bide-orri bat” dutela, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan, “erronka izateaz gain, aukera bezala ere” hartuta. Eta gaineratu du, horretarako abiarazi dutela Adinberri Zahartze Osasuntsurako estrategia, “ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten duena”. 

Era berean, Peñak azaldu du bide-orri horrek eskatzen duela “ez bakarrik plaza gehiago irekitzea edo zainpeko apartamentuak egitea”, baita ere “prebentzio ikuspegia” duten neurriak bultzatzea, “zahartze aktiboa” sustatzea,  eta “etxez etxeko laguntza hobetzea”. Horrekin lotuta, gogorarazi du adineko pertsonen “% 80 baino gehiagok” jarraitu nahi dutela beren etxeetan bizitzen, baita laguntza behar badute ere. “Horretarako sortu dugu “Etxean bizi”programa, aukera hori ematen duena,  osasun eta gizarte arloko arreta integratuz”.  

Esan du herriak dituen 11.308 biztanleen artean, %23 adinekoak dira (“Gipuzkoako batez bestekoa baino pixka bat gehiago”), eta 538 mendekotasun egoeran daude. Horren harira, gogorarazi du urte hasieran San Martin egoitza Kabian sartu zela, eta 77 plaza hitzartuta dituela, nahiz eta baimenduta 83 izan. Aurreratu duenez, baimenduta dauden beste 6 plaza horiek hitzartzeko, “aurreikusten dugu aurten bertan Aita Mennirekin dagoen kontratua egokituko dugula”. Bestetik, eguneko zentroak 30 plaza ditu, eta egoitzarekin batera kudeatzen da. Horrekin lotuta, Oñatiko EAJk Foru Aldundiari eskaera egin dio, eguneko zentroan plaza gehiago sortzeko.

Oñatiko premia sozialen inguruan,  Ainhoa Galdosek azpimarratu du gizartearen zahartzeari “aurre egiteko”, ekimenak “indartu eta martxan” jarriko dituztela. “Gure helburua da gero eta arreta hobea eskaintzea adineko pertsonei, eta gero eta autonomia handiagoa bermatzea”. Horri begira, dekalogoan jasota dauden zenbait proposamen gogorarazi ditu, gizarte zerbitzuei lotutakoak. 

Galdos alkategaiak azaldu duenez, lehenik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin “elkarlanean” arituko gara; eta gainera, zerbitzu berri bat martxan jarriko dugu mendekotasun maila txikia duten nagusiak artatzeko.  

Bigarrenik, hautagai jeltzaleak aurreratu du “bakardadeari aurre egiteko”, zahartzaro “aktiborako eta osasuntsuagorako” programak sustatuko dituztela; “hau da, Euskadi Lagunkoia egitasmoarekin bat egingo dugu, eta Oñati Lagunkoia programa sustatuko dugu”. Eta hirugarrenik, “ekintza-plana antolatuko dugu, belaunaldien arteko laguntza eta errespetua bultzatzeko”, amaitu du Galdosek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak