Helburu horrekin, jeltzaleek ibilbide osagarriak dituzten herritarrekin osatutako taldea batu du, udal kudeaketan esperientzia dutenekin eta baita udalgintzaren erronkari lehen aldiz helduko dioten herritarrekin ere, “ikuspuntu berri eta askotarikoak” erakarrita. Ainhoa Galdos zerrendaburuak nabarmendu duenez, “Oñatiko EAJren lantaldea berme bikoitzarekin aurkeztuko da maiatzaren 26ko hauteskundeetara, urteetan udaletxean egindako lan ona”, bai gobernuan egon direnean “kudeaketa gaitasuna frogatuz”, eta baita, oposizioan, “erantzukizunez eta herritarren interesa lehenetsi” dutelako, “beti oñatiarren zerbitzura”. Profil sozio-ekonomiko, kultural eta sozial markatua duen zerrenda aurkeztu du EAJk, “pertsona oso prestatuekin”, eta nabarmendu ditu esparru konkretuetan egindako errefortzuak, lehen sektoreko gaietarako eta hirigintzan, esate baterako.
Herri garbia, atsegina eta irisgarria
“Herri proiektu sendo batekin gatoz, erronka berrien aurrean prest egoteko eta etorkizuneko Oñati eraikitzeko”, esan du Ainhoa Galdosek, “Oñatik ezin du lozorroan geratu, berriz martxan jarri behar dugu herria, erabakitasunez eta proiektu sendo batekin”. Oñatiarren bizi-kalitatea eta ongizatea helburu, Oñatiko EAJk ikuspuntu erabat sozioekonomikoa duen programa aurkeztuko du, “herriari eta herritarrei begira”.
Hala, lehentasunezko esparrua herriko kale eta auzoen garbitasuna izango da, kale-hormak eta parkeak garbitu eta herrian bizitzeko eta ibiltzeko toki atseginagoa bihurtuko duten neurriak hartuko dira, adin guztietako pertsonengan pentsatuz. Irisgarritasuna hobetzeko, oso hondatuta dauden espaloiak eta hobekuntza lanak proposatzen dituzte Olakua-Olapoton, Kasablanka-Kalezaharra, Arkitekto Lizaur gunean, Moyua kalean eta Mendiko kalean. Herriko garbitasunean eragin handia duen hondakinen bilketarako sistema aztertu beharreko lehentasunezko beste gaietako bat da Galdosek aipatu duenez, eta, horretarako, “Oñatin gaur egun martxan dagoen eta ondo funtzionatzen duen soluzioa” proposatzen dute jeltzaleek. Hau da, landa-auzoetan dagoenaren moduko “edukiontzi bidezko sistema garbi, eraginkor eta erosoa” herri osora zabaltzea da euren proposamena.
Berdintasunaren, zaharren eta gazteen herria
Emakumeen eta gizonen berdintasuna, adinekoen arreta eta osasuna eta gazteentzako aukera berriak izango dira arlo sozialeko gidalerroak lantalde jeltzalearentzat. “Gure adinekoei arreta hobea eskaini nahi diegu” dio Galdosek, autonomia handiagotuz. Horretarako, mendekotasun maila txikiagoko nagusientzako Eguneko Arreta-Zentroa zabalduko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta plaza gehiago eskaintzea sustatuko dute Eguneko Zentroan eta San Martin egoitzan. “Bakardadeari aurre egin, zahartzaro aktiborako programak eta belaunaldien arteko laguntza eta errespetua bultzatuko ditugu”, gehitu du.
Merkatariak, baserritarrak eta ekintzaileak
Bigarren zutabean, arlo ekonomikoan, hiru ekintza eremu zehaztu dituzte. Arlo sozioekonomikoak leku nabarmena izango du Oñatiko EAJren herri-proiektuan.
Tokiko merkataritza eta negozio txikiak dira lantalde jeltzaleen arduragai nagusia. Horri taxuz heldu nahi diote eta, horretarako, diagnostikoa egingo dute tokiko merkataritza suspertzeko, ekintza-plana diseinatzeko helburuarekin. Horrekin batera, “lokal hutsen erabilera indartuko da eta diruz lagunduko dute herrigune historikoan lokal hutsak hiru urtean alokatzeko eta belaunaldi-erreleborako programa ezarriko da. “Merkataritza, hau da, gure dendek sortzen duten jarduera eta herri-bizitza, jatekoa moduan behar dugu Oñatin”.
Galdosek azaldu duenez, “sendo eta bizirik ikusi nahi dugun beste esparru garrantzitsu bat lehen sektorea da”, “estrategikoa” dena. Aldundiarekin elkarlanean, lehen sektorea “indartu, modernizatu eta lehiakor” egingo dutela agindu du zerrendaburuak. Laguntza-plana bideratuko dute baserritarren belaunaldi-erreleborako, neurri berriak ganaduzaleak babesteko eta abelburuei eusteko eta kopurua gehitzeko”, azaldu du. Baso-jabeei laguntzak emango dizkiete basoak eta baso-bideak garbi edukitzeko, “Oñatin basoa berritzea errentagarri izan eta kudeaketa bermatu dadin”.
Hirugarrenik, aukera berriak sortu eta ekintzaile, autonomo eta negozio txikiak buruan, proposamen berritzaileak prestatzen dabil Oñatiko EAJ. Oinarri teknologikoko enpresa txikiak herriguneko lokal hutsetan kokatzea babestuko dute, ekintzailetza sustatuko da eta tutoretza-aholkularitza eskaini, baita autonomo eta enpresa txikiei ere.
Kirol eta aisialdi aukera berriak
Programaren ildoetako batzuen aurrerapenarekin amaitzeko, kirol azpiegituretan egin beharreko ahalegina azpimarratu du Ainhoa Galdosek. “Kanpoko igerilekuaren eta aisialdigunearen proiektua bideratu” egin behar da eta bultzada eman nahi diote kirol eskaintza osatzeko. Proposamenen artean daude: lasterketa-, atletismo- eta osasun-zirkuitua Urrutxun, in-dooraretoa txirrindularientzat eta rokodromo homologatua, aurreratu duenez. Aire libreko kirola egiteko gune naturalak egokitzea ere beharrezko ikusten dute jeltzaleek, “Oñatiko ondare natural ederra balioan jartzeko”.