Aurrekontuak 2018: adin guztietara egokitutako herri bizia eraikitzeko ekimenak proposatzen ditu Oñatiko EAJ-PNVk

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2017ko aza. 23a, 11:56

Horretarako arlo guztietan politika pare-hartzaile eta transbertsalak landu eta jorratzea proposatu du, arreta berezia eskainiz pertsonen ongizateari, kirola eta osasunari, sozioekonomiari eta herri biziaren garapenari. Ildo horretan beste hainbat ekimenen artean, herriko kultura baliabideen eta guneen inbentarioa eta beharren diagnosia egitea, kanpoko igerilekua eraikitzeko proiektua idaztea, elkarbizitza bermatuko duen bizikleta eta patineteen ordenantza lantzea eta merkataritza arloan belaunaldi erreleborako laguntzak eskaintzea proposatu du EAJk.

Oñatiko EAJ-PNVk gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurreko bidez 2018ko aurrekontuetarako proposamenak. Horiek osatzeko kontuan izan ditu urtean zehar eta bereziki azken hilabeteotan oñatiarren eta eragileengandik jasotako ekarpenak, baita hauteskunde programan (2015) txertatutakoak ere, modu honetara, 2018an aurrera eramango diren proiektuek oñatiarren benetako kezka eta beharrei erantzun diezaien. Oñatiko EAJ-PNVren helburua da adin guztietara egokitutako herri bizia eraikitzea. Ildo horretan, politika parte-hartzaile eta transbertsalak proposatzen ditu arlo guzietan eta horretarako, hain zuzen, 4 ardatz estrategiko nagusitu ditu EAJk: pertsonen ongizatea, kirola eta osasuna, sozioekonomia eta herri biziaren garapena.

Lehen ardatzaren helburua da oñatiarren ongizatea, segurtasuna eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzea. Bide horretan elkarren arteko bizikidetza bermatuko duen bizikleta eta patineteen arautegia lantzea proposatu dugu. Horrez gain, Olakua auzoko irisgarritasuna hobetzea ere planteatu dugu, baita Bidaurreta-Olapotoko argiteria hobetzea ere, bertan adin nagusiko pertsona ugari bizi dela aintzat hartuta. Eta erdiguneko eta landa auzoetako argiteriari dagokionean ere gauza bera proposatu du udal taldeak, modu horretara, herriko puntu beltz guztiak identifikatu eta horiei irtenbidea emateko. Ildo beretik, herritarren segurtasunari lotuta, larunbatetan edota herriko festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea ere proposatu dugu jeltzaleok. Azkenik, ardatz horren baitan “Euskadi Lagunkoia” programara atxikitzea ere planteatu dugu, ekimen horren helburua baita adin guztietako pertsonen elkarbizitza bermatuko duen herri bizia eraikitzea.

Bigarren ardatzak osasuna eta kirola ditu oinarri eta horren baitan, adin guztiei egokitutako kirol osasuntsua sustatzea da helburua, horrela, oñatiarrek kirol-jarduerak egiteko duten ohitura indartzeko. Ildo horretan, lehenik eta behin kirola kanpoan egin ahal izateko eremuak sortu eta atontzea da Oñatiko EAJ-PNVren proposamena, gaur egun ez baitago herrian horrelako espaziorik. Hori dela eta, igerileku irekia (ur parkea) izango duen aisialdi gune berria sortzea, San Martingo hariztian korrika egiteko bidea egokitzea edota Urrutxun atletismo pista egokitzea proposatu dira udal talde honen proposamenak. Era berean, premiazko behar eta lan gisa, kiroldegi barruko igerilekuan 2-3 kale gehiago eraikitzea eskatu diogu gobernu taldeari. 

Tokiko soziekonomia landu eta garatzea da hirugarren ardatz estrategikoa. Horren baitan ondorengo lan ildoak proposatzen ditu EAJ-PNVren udal taldeak: nekazaritza sektoretik jasotako beharrei erantzuna emate aldera, landa auzoetako mugarriak definitu eta digitalizatzeko aholkularitza zerbitzua kontratatzea eta horiek auzoz-auzo faseka garatzea batetik eta, herriko biodibertsitatearen mesedetan, mendietako pista nagusien inbentarioa eta horien inguruko ekintza plana egitea bestetik. Merkataritza arloan, aldiz, tokiko komertzioa garai berrietara egokitzeko berrikuntza teknologikoetan oinarritutako programak (e-Commerce) martxan jartzea eta merkatari, autonomo eta ETEetako belaunaldi erreleborako laguntzak eskaintzea proposatu du. Azken lan ildo gisa, Turismo Plana egitea planteatu diogu jeltzaleok EH Bilduren udal gobernuari, turismoak herriko merkataritza eta ostalaritzan duen eragina sustatzeko. Gure iritziz, tokiko merkataritza, ostalaritza edota nekazaritzaren jarduna bultzatzeko ezinbestekoa da Oñatiko baliabide aniztasuna eta turismotik eratorritako fluxuak uztartu eta behar bezala kudeatzea, guzti hor aipatutako 3 sektoreen jardun ekonomikoan islatu dadin. 

Azken ardatz estrategikoak herri bizi eta parte-hartzailea eraikitzea du helburu eta horretarako, kulturan zein kultur ondarean, euskaran, hezkuntzan, sormenean eta herritarren parte-hartzean jarri du azpimarra Oñatiko EAJ-PNVk. Horrez gain, arreta berezia eskaini die herriko gazte eta nerabeei. Horiek horrela, kultur arloan, kultur gune eta beharren azterketa egin eta etorkizunera begira egon daitezkeen beharren inguruko ekintza plana osatzea proposatu dugu udal talde jeltzaleko kideok, baita urteko kultura sariak sortzea ere. Halaber, euskararen erabilera bultzatze aldera, Oñatiko hiztegia mugikorretik kontsultatu ahal izateko app-a sortzea eta jatorri anitzeko umeen eskolaratzea bultzatzeko eskolako materiala, liburuak, etab. eskuratzeko laguntzak eskaintzea proposatu dugu. Eta Oñatiko gazte eta nerabeei dagokienean, Gazte Plana (14-20) egiteko azterketa edo diagnosia egitea proposatu du EAJ-PNVk eta bien bitartean, 12-18 urteko gazteentzako mota ezberdinetako udaleku irekiak antolatzea (antzerkia, musika, teknologia…) edota 14-20koentzat ikastaroak sustatzea (sukaldaritza, longboard, parkour) birplanteatu dio EH BILDUko udal gobernuari. Gure ustetan, ezinbestekoa da gazteei aisialdiaz, bizikidetasunaz eta jarduera ludiko-hezigarriez gozatzeko aukera berriak eskaintzea haien autonomia sendotzeko. Azkenik, Parte-hartze Plana idazteko proposamena ere luzatu diogu gobernuari, modu horretara, oñatiarrak herrigintzan inplikatzeko.

 Proposamen horiek guztiekin, orain arte egin bezala, herritarren beharrei erantzuteko lan egiten jarraituko dugu; dena dela ere, udal-gobernu taldeak gaurkoan hemen aurkeztu ditugun proposamenak aintzat hartzea eta horiek 2018ko aurrekontuetan jasotzea espero dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak