Prozesu luzearen mugarri, partaidetza prozesua tartean, non arrasatear ugarik parte hartu zuen. Ildo nagusiekin ados egon gara eta horiek landu egin ditugu, herritarrekin eta alderdiekin.
Hala ere, alegazio bat aurkeztu nuen, lanketan ez baitzen genero ikuspegia kontuan hartu.
Herri feministak eraikitzeak arlo askotan genero ikuspegia txertatzea behar izaten du, era zehar-lerrokoan politika guztietan. Berdintasun, Gazteria, Kultura, Kirol... arloetan landu behar den bezala, Hirigintza eta Mugikortasun sailetan ere kontuan izan eta inplementatu behar dira ikuspegi feministak. Zerbitzuen eta kaleen erabilerak ez dira berdinak denontzat; klase, adin, jatorri eta beste ardatz batzuek eragina dute eta genero ardatza garrantzitsuenetakoa da. Sexu banaketak erpin askotan ditu erroak; lan produktibo eta zaintzetan, bereziki. Garraio publikoko erabiltzaileen artean emakumezkoak dira gehienak, nagusiak eta emigranteak, batik bat. Umeen eta nagusien zaintza lanak, batez ere, emakumezkoek egiten dituzte, kaleen egitura eta erabilerak honetan duen eraginarekin. Kalean seguru ibiltzeko, festetan eta gauez, adibidez, puntu beltzak murriztea kontuan hartu beharra dago, guztiontzat herri segurua eraikiz.
Mugikortasun gaian biztanleriaren %50en baldintzak ez dira kontuan hartu eta hau konpontzeko atea irekitzea proposatu genuen alegazioaren bitartez. Planeko esku-hartze bakoitzean genero ikuspuntuaren aldetik ekintza zehatzak eskatu genituen. Bete ez den arren, Planean idatzirik geratzen da esku-hartze bakoitzean kontuan hartuko dela genero ikuspegia.
Honek berez ez du horrela izango denik bermatzen, kasu bakoitzean argi ibili beharko dugu genero ikuspegia txertatu dadin, baina aipamenak konpromiso politiko bat islatzen du. Atea zabaldu da eta emakumezkoen behar eta baldintzak ikuskatzen hasi dira udalgintzan. Behin irekita, lehen harria jarri ondoren hiri feminista eraikitzeko erronka daukagu eta bideari jarraitzea dagokigu ordezkari politiko guztiei.
----------
Eva Abuin
Arrasate