"Hazkundeaz"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2013ko mai. 7a, 02:00

Krisitik irteteko, hau da, berriro lanpostuak sortzen hasteko eta lehengora bueltatzeko...

... hazkundea behar ei dugu arnasa hartzeko airea legez.

Hala ere, uste dut zentzuzkoena desazkundeari heltzea litzatekeela, batzuek tunelaren barrenean ikusten duten argi hori ez dadin lur arraso berdinduko gaituen trenarena bilaka.

Duela askotxo, burgesek gauzak eta gauzak pilatzen zituzten. Orain pobreek baino ez dituzte gauzak gordetzen, lotsaz bezala, dauzkaten gauza horietaz lehenbailehen libratu eta berriak eskuratzea baita zinez gura dutena. Gauzakiak ez dira jadanik gauza bihurtzen, bihurtzeko puntuan daudenean arrapataka joaten gara-eta merkatura beste zerbaiten bila, ordezkoen bila. Orain gauzak ez dira hondatzen, ondo dabiltzala botatzen ditugu harrika. Gauzak pilatzeak ez gaitu asetzen, gauzak aldatzeak gaitu apurtxo bat baretzen. Kontsumoaren demasak nora eroan gaituen: Interneteko denda birtualetan zerbait erosi eta, postariak erositako hori behin etxera ekarrita, kamara piztu eta eskatutako zera horri bilgarria zelan kentzen dioten grabatzea eta Youtuben jartzea: horixe da hainbat gizajoren plazer iturria (unboxing da aski zabaldurik dagoen moda berriaren izen teknikoa).

Kapitalismoan bizi garenok ilusio batek bizi gaitu: den-dena da ordezkagarria, dena da aldagarria. Ilusio hori sendo zuztartuta dago etengabeko hazkundearen ilusioan. Planeta honen baliabideek mugarik ez balute bezala jardutean datza mugarik gabeko hazkundearen kuentotxinoa. Okerrena zera da: hazkunde ezak langabeziara eta mixeria gorrira daroa milioika pertsona; atergabeko hazkundeak, berriz, natura, ekologia eta zibilizazioa bera suntsitzen ditu. Gaur gaurkoz, aukera biak dira negargarriak zeren eta desazkundea, eraginkorra izango bada, zimendu berrien gainean ezarri beharko baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak