... tabakoaren aurkako lege berria ezarri zenetik. Atzera begira jarri eta ikus dagigun, bada, tabako ekoizle, merkatari eta ostalaritzako ordezkarien orduko iragarpen apokaliptikoak zertan gelditu diren.
Horretarako, gaia hizpidera lerratu denean zenbait tabernari eta bezerorekin izandako berbaldietatik ateratako ondorio batzuk aipatuko ditut, labur eta puntuka:
1) Legeak ez die ostalariei dirurik galarazi; krisiak eta batez ere ohitura aldaketek ekarri dituzte galera ekonomikoak.
2) Tabernariak ikaragarri pozik daude osasunean eta bizi kalitatean irabazi dutenarekin, eta bezero ez-erretzaileak zer esanik ez.
3) Erretzaile gehien-gehienak ados daude legearekin, eta batzuek aitortzen dutenez, orain, debekuari esker, lehen baino gutxiago erretzen dute, beren osasunaren eta poltsikoaren mesedetan.
4) Turista eta bisitari asko sarriago sartzen da orain jatetxeetan, kerik jasan behar ez duela eta.
5) Lokalak bi eremutan banatzearena –erretzaileak / ez-erretzaileak– tontakeria galanta dela ikusi da, pistina berean txixa egiteko eta ez egiteko ur-eremu bana mugatzea bezain zentzugabea.
Legearen ezarpenak, bistan denez, ez du munduaren akabera ekarri, batzuk bazterretan beldurra modu lotsagarrian hedatzen ibili arren. Ezezagun eta berri datorrenaren aurrean beldurra zabaltzea samurra da, jende zaharrak, edo, hobeto esanda, buruz zaharra den jendeak, gurago izaten baitu dagoenean egon, eta beste guztia hor konpon, erdarazko esaerak dioenaren ildotik: Virgencita, virgencita, que me quede como estoy.
Esandakoa: mundua ez da tabakoaren kontrako legearekin amaitu, baina argi ibili, atez atekoarekin etorriko ei da-eta Armageddon, arratoi saldoek gure herriak inbaditu eta denok hilko gaituen izurri beltza hedatzen dutenean.