... ohetik jaiki eta zapatak janzterakoan sentitzen nuen ezinegona. Baina etorri zen egun bat onddo baten barruan iratzartu nintzena.
Amets psikodeliko eta haluzinagarriak izan nituen sukar mikologikoari esker, eta onddoaren barrutik zapatei begiratu nienean, orduantxe entzun nituen oinetakoen oihu lazgarriak, onddotik kanpoko bizimodu arruntean entzun ez baina sumatu sumatzen nituenak.
Zapata bati telefonoari bezala belarriari josirik eutsiz gero, ez dituzu itsasoko olatuak entzungo; bai ordea zeuri zuzendutako hamaika garrasi isil.
Kontua da arreta jartzea, begiak ixtea eta zapata zuloaren eztarri sakonari aditzea. Bai handia zapaten eramana! Bai itzela jasan behar duten zama! Gure zapatak dira gizakia bere atzeko oinen gainean eta beste animalia guztien gainetik zutitu izana beren larruan etengabe ordaintzen ari direnak. Bai, harrokeria hori guztia ezkutatzen da egunero berritzen dugun ekintza ustez ezdeus honetan: zapatak jantzi eta sokaz lotzea, eta haien ahoa bortxaz ixtea, berez ez dagokigun hankabiko jarrera hartzeko.
Zutikako jarrera horretan tematzeak badauka hainbat kalte: giza-oinen kirats betierekoa, kailuak, barizeak eta, ai!, nire juaneteak.
Badira ondorio okerragoak ere: bateko, lau oinen gainean bizi ginen garaian ahal genuena baino askoz aurrerago begiratu ahal izatea eta horrek berekin dakartzan era guztietako antsietate eta neurosiak; besteko, lau oinen gaineko garaian ahal genuena baino askoz atzerago begiratu ahal izatea eta horren ondoriozko saminak, egindakoengatiko zein egin bakoengatiko minak, nostalgiak eta tristurak: etorkizun denaren bizimina, iraganaren oroimina eta, atzen finean, oraina bizi ezina.
Bihar goizean erreparatu egiezu ondo zure zapatei eta Munch-en oihuaren irudi bana ikusiko duzu ezker-eskuma.