... Gasteizen urriaren 7an, Maritxu Kajoi egunez. Horraino, hola esanda eta hala izanda, non dago albistea? Ez diot berriari inongo berritasunik ikusten.
Zuzendariaren anaiak sukurtsala jendez beteta zegoela burutu zuen ekintza, baina bezeroek aurre egin ziotela-eta, esku hutsik irten behar izan zuen arrapataka, lekuko bat atzetik zerraiola konturatu barik. Jarraika joan zitzaion pertsona hark emandako informazioari esker, Artium inguruan atxilotu zuten ertzainek lapur arrakastagabea. Autoko giltzak atzeman eta bulegoko zuzendariaren autoari zegozkiola ohartutakoan geratu zen agerian pastela.
Jardunbideetan baino, modus operandian eta estetikan ikusten ditut nik harritzeko zantzuak: zuzendariak anaiaren laguntza behar izatea lapur arruntaren rola betetzeko, eta horretarako anaiak atrezzo ezinago zaharkitua erabiltzea, hau da, peluka, txanoa, ordezko bibotea, ordezko hagin-hortzak, gezurretako pistola...
Orain dela gutxira arte, banku batean halako lapurrik sartzen bazen, esaten zioten egoteko lasai: "Zertarako lapurtu? Dirua behar duzu? Zergatik ez duzu mailegu bat eskatzen? Hara, tori inprimaki hau eta idatzi hor zure datu guztiak; bukatzen duzunean jarri ilaran eta itxoin zure txandari". Hala, lapurra legerik hautsi gabe eta mailegua besapean zuela itzul zitekeen etxera. Bankariak, berriz, behar den moduko bankari bati dagokion lege onez, akatsik gabe eta dotoreziaz egiten zuen lapurretan.
Baina orain, maileguen pagotxa bukatu dela-eta, batek daki Gasteizkoak ez ote duen aurrekaria ezarriko eta ez ote gaituzten hartuko bankariek, euren bulegoan, aurpegia galtza batekin estalita eta pistola eskuan daukatela… Larri ibili.
Gauza batekin intrigatuta nago, ordea: ordezko hagin-hortzak ere elementu inkriminatzaile gisa erabiliko dituzte?