Etenkako isuria gelditu denean, ur tanta baten sorkuntzaren misterioa behatzeko gertatu naiz, eskuak harraskan bermatuta. Hara, hodi metalikoaren zulo-ertzera etorri da lotsaz bezala eta burua atera ez atera zalantzan geratu da. Azkenean, hodi ilunetik argitara irteteko grinari ezin eutsita, ertz borobilean poliki-poliki gizentzeari ekin dio oraindik izankizun den ur tantak, edo ttanttak (urari buruz ari garenez, bustiduraz hobe). Hasieran burutxo herabea zirudiena sabel hanpatuaren itxura hartuz joan da, puztu eta puztu...
Esfera erdia izatera iritsi denean, zorro betea, airean zintzilik, beheraka indar egiteari lotu zaio; bien bitartean, badago beste indar bat ttantta gorantz, jatorrizko zulo beltzerantz, erakartzen diharduena.
Indar bien arteko borroka izugarri latza begitandu zait, nahiz eta ia ziur jakin beherako indarra gorakoari nagusituko zitzaiola.
Dena den, ez dago gauza lazgarriagorik –benetan diotsut– itogina erabat eteten eta finitzen duen azken tantaren burutxo atera berria hodiak atzera nola irensten duen ikustea baino.
Oraingo honetan ez da halakorik gertatu, zorionez.
Txorrotaren ertzari oratu beharrez indar husturik, gero eta sabeltzenago, azkenean bere izate esferiko osoan askatu, mundura agertu eta amildu egin da, orain bai, tanta lodia: plausta.
Harraskan lehertu ostean, aurreko tantek egindako errekastoarekin bat eginda desagertu da urak husteko bide beltzean.
"Zulo batetik irten eta beste zulo batean sartu bitartekoa", horrela definitu ohi zuen bizitza Ezkioko enterradore zenak.
Atzetik etorri den tantak ere ez dit ikuskizun makala eskaini.
Nekez, baina lortu du honek ere zuloen arteko bidea egitea. Seko harritu naiz ordea: tanta biok ez zeukaten elkarren batere antzik.