Diego Martiartu: "Bigamo"

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2011ko mai. 27a, 02:00

Bigamo izan nahi eta bigamiarik onartzen ez den kultura batean hazia eta hezia izatea:

horra nire ezinbiziaren zuztarra, gutxienez hogei urtean luzatu zitzaidana, barrenak erabat janda utzi eta urdaileko gaitz batek jota San Pedroren bizarrak gertutik ikustera eraman ninduena. 

Halabeharraren tentakuluak luzeak dira, ordea. Ospitalean bertan nire gelako aldameneko lagunaren alaba ezagutu nuen. Izenaz galdetu nionean estutu egin zen apurtxo bat, eta zera aitortu zidan: orduan Marga zela, baina beste pertsona bat ere izan zitekeela. Poker-musu ikusi ninduen nonbait, eta kontenplazio barik esan zidan nortasun bikoitza zeukala, buruko gaitz horretxekin bizi zela nerabezarotik.

Biharamunean konturatu nintzen Marga haren aitak, bazinilla eskatzeko, Sorkun deitu ziola.

Esan beharrik ez dago: Marga/Sorkunekin harremanetan hastea barren-barrenean zarraturik neraman desioari, bigamoa izatekoari, leiho bat zabaltzea izan zen: nahi nuena eta ahal nuena lotzeko bidea.

Gutxira elkarrekin bizitzen jarri ginen Marga, Sorkun eta hirurok. Hasieran ez nuen jakiten, iratzarri berritan, ohe ondoan nuena Marga edo Sorkun ote zen, baina ez jakite horrek bazuen bere xarma. Laster ohartu nintzen Marga kartsuagoa zela Sorkun baino, baina honen eztitasuna igartzen nion faltan hari. Karra eta eztia, bi-biak gura nik.

Gau hura magikoa izan zen: Marga esan eta Margak erantzuten zidan; Sorkuni berba egin eta Sorkunek erantzun. Une batean ni isildu, eta biak berriketan zebiltzala ikusi nuen. Eta ni entzuten! Hirukiaren hiru erpinek bat egin zuten izara artean eta sekulako betetasuna sentitu nuen.

Doktore jauna: Marga edo Sorkun, bietako bat haurdun dago. Seguru gaude aita nor den, ez ordea ama nor ote den. Gauzak okertzen hasi dira gu hiruron artean. Eztabaidak gero eta gogorragoak dira. Zer egin dezakegu ataka honetatik irteteko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak