Larunbatean kadeteen txanda izan zen eta Naiara Oroiz arrasatearrak parte hartu zuen. Naiara bikain ibili zen txapelketan, lehen 3 borrokaldiak irabaziz eta finalera iritsiz. Final gogorra izan zuen Adriana Skolina gasteiztarraren aurka, eta ondo borrokatu arren, zilarrezko dominarekin bueltatu zen. Zorionak, Naiara! Denboraldi izugarria burutu duzu aurten ere, Gipuzkoako txapeldunorde eta Euskadi txapeldunordeko emaitzekin hain zuzen.
Igandean infantilak
Igandean, ordea, infantilen txanda zen; klubetik 8 kirolarik bertaratu ziren Erandiora. Kirolari bakoitzaren ibilbideri erreparatuko diogu ondoren.
Jokin Hurtado 38 kiloz azpiko Euskadiko txapelduna zen igandean, urteetan egindako lan eta ametsa egi bilakatuz. Lan ikaragarria egin zuen Jokinek bai zuzeneko kanporaketetan eta baita finalean ere, maisutasunez borrokaldi guztiak irabazita; bejondeizula Jokin!!
Jare Urrutia ere Euskadiko txapelduna bilakatu zen igandean, 48 kiloz azpiko kategorian. Jarek, Jokinen antzera, denboraldi itzela burutu du; Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen eta aste bukaera honetan Euskadiko txapeldun. Zuzeneko kanporaketetan ondo ibili zen Jare eta Alaitzen aurka final erdi gogor bat jokatu zuen hau wazari puntuazioaz irabazita. Finala Irati Jimenez arrasatearraren aurka egin zuen Jarek eta ashi waza teknika bateaz lortu zuen finala irabaztea. Zorionak Jare!!
Amets Garitano aretxabaletarrak ere Euskadiko txapela lortu zuen igandean; Ametsek 66 kiloz azpiko kategorian lehiatu zen. Poliki-poliki zuzeneko kanporaketak irabaziz joan zen eta finalera iritsi. Aurkari ezagunaren aurka borrokatu zuen finala eta final gogorra jokatu zuten, bi kirolariak leher eginda zeudela, kontrako ekintza batekin lortu zuen urrezko domina Aretxabaeltara ekartzea Ametsek. Zorionak zuri ere!
Nerea Oroiz Gipuzkoako 52 kiloz azpiko txapeldunorde gisa joan zen autonomikora eta zuzeneko kanporaketetan fin ibili zen. Finalerdietan Arabako kirolari baten aurka borrokaldi latza izan zuen. Azken segundoetan Nerea irabazten zihoala aurkariak berdinketa lortu zuen, eta estu ibili arren, norgehiagoka aurrera atera zuen arrasatearrak. Finalean Janire Olarraren aurka borrokatu zen. Jakin, Janire aurreko urteko Euskadiko txapelduna izateaz gain, Espainiako rankinean 2. dagoela. Nereak finalean Janireri ondo eutsi eta estutu zion baina tamalez donostiarra gailendu zen. Zorionak Nerea lortutako emaitzarengatik!
Lizar Garmendia aretxabaletarrak 50 kiloz azpiko kategorian jokatu zuen igandean. Lizarrek aurten Gipuzkoako txapelketan zilarrezko domina lortua zeukan, eta atzo ere, zilarrezko dominarekin bueltatu zen Aretxabaletara. Zuzeneko norgehiagoketan fin ibili zen Lizar eta finaleraino iritsi zen. Finala Markel Ibarguen aurkari eta lagunarekin jokatu zuen Lizarrek; borrokaldi latza burutu zuten eta azken segundoetan lortu zuen Ibarguenek aldeko wazari bat, hala ere Lizarrrek azken 7 segundoetan botatako bi erasoekin ia-ia lortu zuen norgehiagoka berdintzea baina epaileek ez zuten puntutzat jo Lizarren bi ekintzak. Zorionak Lizar azken momentu arte borrokatu izanagatik… Lan ikaragarria egin duzu aurten!!
Iraide Jauregi arrasatearra 63 kiloz azpiko kategorian lehiatu zen. Arrasatearra, Gipuzkoako zilarrezko dominarekin joan zen autonomikoetara, eta hemen ere, zilarrezko domina lortu zuen. Zuzeneko kanporaketetan fin ibili zen Iraide, oso fin egia esan. Finala neska arabar baten aurka egin zuen eta garaipenetik gertu ibili arren akats txiki batek txapeldun izatetik urrundu zuen arrasatearra. Zorionak zuri ere Iraide!
Iker Joaquinek Gipuzkoako txapelketan brontzeko domina lortu zuen eta Euskadiko txapelketan zilarrezko dominarekin bueltatu zen etxera. Zuzeneko kanporaketetan azkar eta ongi amaitu zituen borrokaldiak, bilakaera itzela darama arrasatearrak aurten. Finala Eneko Azpeitia donostiarraren aurka egin zuen, eta hau ele Janireren antzera ranking nazionalean lehen postuan dago, aurreko urteko Euskadiko txapelduna izateaz gain. Enekoren aurka finala ongi jokatu zuen Ikerren bere aukerak ondo aprobetxatuta, baina tamalez Eneko bereganatu zuen Euskadiko txapelketa. Zorionak Iker, jarraitu honela entrenatzen!!
Azkenengoz eta ez garrantzi gutxiagorekin Desoreka taldeko infantil gazteenaren lana goraipatzea tokatzen zaigu. Beñat Ovejerok 55 kiloz azpiko kategorian lehiatu zuen Euskadin, Gipuzkoako txapelketan ere brontzea lortzetik zetorrena. Ondo borrokatu zuen Beñatek txapelketan aurpegi guztia zauriz beteta amaitu zuelarik, borrokaldietan jasotako kolpeen eraginez. Finalerdietan bizkar gainetik egindako kumikata baten ondorioz galdu zuen norgehiagoka eta bigarren aukeran brontzea Eskoriatzara ekartzea lortu zuen borrokalariak. Zorionak Beñat egindako denboraldiagatik!!!
Igandeko Euskadiko txapelketak Desoreka judo klubeko 4 kirolari Espainiako txapeletarako sailkatu ditu. Hau herri bateko klub txiki batentzat emaitza ikaragarria da, infantil kategoriako euskal selekzioko ¼ Desoreka judo klubekoak direlako. Jokin, Amets eta Jarek txapeldun izan direlako pase zuzena daukate (Jokinek ranking nazionalean 2. postuan zegoen eta bazeukan honegatik ere Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera) eta Nerea Oroizen kasuan Janire Olarrak (honek ere pase zuzena zeukalako beste aukera bat ematen dio beste kirolari bati Espainiako txapelketan parte hartzeko) zeukan rankingeko sailkapenagatik lortzen du bere aukera autonomikoan bigarren postua lortu duelako.
Apirilaren 27an Iruñean jokatuko den Espainiako txapelketan izango dira Desoreka klubeko 4 kirolariak.
Akatsetatik ikasi
Emaitzak alde batera utzita aurtengo kirol denboraldiak asko eskaini digu Klubeko partaide guztioi; bai guraso, bai kirolari, entrenatzaile, taldekide eta baita lagun gisa. Ikaragarria izan da talde honen parte izatea, ikasleengandik ikasiz (maixu edo entrenatzaile batek izan dezakeen oparirik handiena da hau), beste lehiakideekin hazi, frustrazioa kudeatzen ikasi, galerei bere garrantzia eman eta bertatik ikaskuntza positiboak atera. Galtzea ez baita porrota, akatsak balio pedagogiko itzela dauka eta giza mugimenduaren engranaje bihur daiteke begi zorrotz, sostengu ona eta norberaren emozio eta barne egoeraren gidaritza egokia izan ezkero. Askotan esan izan dugun moduan, garaipena aldagai hutsa da, nahiz eta aurrera jarraitzeko motibazio baliagarri izan arren daukan feedbackarengatik, diziplina haratago doa. Motibazioa amaitzen denean diziplinak bidea egiten jarraitzen duelako, ekin eta izan; izan eta ekin, bidea eta prozesua etengabe gozatuz, hor baitago do aren zentzua (japonieraz do hitzak bidea esan nahi baitu).