Atzo, abenduaren 16an, Urnietan, Gipuzkoako judo federakuntzak antolatutako infantilen Gabonetako torneoa ospatu zen. Desoreka judo klubetik 7 kirolarik parte hartu zuten: Amets Garitanok 66kg azpiko kategorian, Auritz LLodiok 66 kg azpiko kategorian, Beñat Ovejerok 55kg azpiko kategorian, Lizar Garmendiak 46 kg azpiko kategorian, Iker Joaquinek 46 kg azpiko kategorian, Jokin Hurtadok 38 kg azpiko kategorian eta Jare Urrutiak 48 kg azpiko kategorian.
Amets Garitano aretxabaletarrarentzat lehenengo txapelketa zen eta urduri egon zen arren, ongi garaitu zituen urduritasunak emandako oztopoak. Txapelketa txalogarria burutu zuen Ametsek, lehen hiru borrokaldietatik 2 irabazi zituen eta ligan bere taldekide den Auritzekin eta beste kirolari batekin berdinketa hirukoitza lortu zuten. Berdinketa hau hausteko hiruren artean egin zuten borroka. Amets Garitakok lehen postua lortu zuen eta Auritz Llodiok 2. postua. Ederto ibili ziren desoreka judo klubeko kirolariak urrezko eta zilarrezko domina ekarriz bailarara.
Mutilen 46 kilo azpiko kategorian Iker Joaquín eta Lizar Garmendiak parte hartu zuten. Ikerrek lehen borrokaldia Eneko Azpeitiaren (egungo euskadiko txapelduna) aurka jokatu zuen. Borrokaldi itzela burutu zuen eta seoi nage batean ia norgehiagoka berdintzeko aukera eduki zuen arren, azkenean wazari bategatik galdu zuen borrokaldia. Ondorengo borrokaldia irabazi zuen eta brontzezko dominaren borrokaldian akats bat egin eta norgehiagoka galdu zuen 5. postuan geldituz, zorionak Iker.
Lizar Garmendia ligaren beste muturretik zetorren eta finalean elkartu zen Eneko Azpeitiarekin, urrezko dominarengaitik borroka egiteko. Lizarrek finalerako bide txalogarria egin zuen borrokaldi bakoitza lasaitasunez irabazita eta heldutasun maila erakutsiz. Lizar borrokalari oso erasokorra izaten da eta hau ona izan arren batzuetan lasaitasunarekin aritzeak aurkariaren mugimenduez jabetzea ekartzen digu. Bikain jokatu arren Enekok kontra batean borrokaldia eskuratu zuen. Zorionak Iker eta baita Lizarri ere, bikain ibili zineten.
Beñat Ovejerok 55 kilo azpiko kategorian lehen borrokaldia irabazi zuen, bigarrena galdu eta ondoren bigarren aukerako bideari ekin zion brontzezko domina eskuratuz. Beñat ere denboraldi borobila egiten dabil, ikaskuntza askoduna. Aurreko txapelketetan egindako akatsak lehuntzen dabil Beñat, zorionak! Bere ikasketa prozesu honetan norberak egindako akatsak hausnartu eta borroka sekuentzietako oinarriak eraikitzen hain zuzen.
Jokin Hurtadok 38 kilo azpiko kategorian egin zituen bereak. Borrokaldi guztiak irabazita txapeldun bueltatu zen urrezko dominarekin. Heldutasun maila handia erakutsi zuen Jokinek, finalera heltzeko bidean errez eta azkar irabazi zituen borrokaldiak eta finalean presa gabe ibili zen bere lana burutzen. Taktikoki ondo planteatutako finala jokatu zuen, bere judoa eraikiz, erasokor azalduz baina asko arriskatu gabe. Finala wazari batekin irabazi zuen eta shidorik gabe. Zorionak Jokin jarraitu honela borrokatzen!
Azkenik Jare Urrutiaren ibilbidea aipatu behar dugu, Jarek 48 kg azpiko kategorian borrokatu zuen. Borrokaldi guztiak irabazi zituen Arrasatearrak eta urrezko dominarekin bueltatu zen etxera. Lasai ikusi zitzaion borrokan Jareri eta asko arriskatu gabe lortu zuen borrokaldiak irabaztea, zorionak Jare, jarraitu entrenatzen eta honela borrokatzen.
Desoreka judo klubeko belaunaldi honek ibilbide ikaragarria du judoan. Borrokalari gazteak izan arren, gipuzkoako txapeldun asko, maila autonomikoko domina ugari lortu duten eta maila nazionalean maila gorenean rankeatutako kirolari ugari daude. Arrasateko kiroldegian entrenatzen dute eta Arrasateko Udalarekin dabil Desoreka judo kluba egungo instalakutzen egoera hobetzeko lanean.
Udalaren jarrera ona da eta irtenbideak bilatzen dabiltzan arren Arrasateko judokek entrenatzen duten tokia ez da egokia. Toki txikia, gaizki aireztatua, hezea, zikina eta txapelketa neurriak betetzen ez dituena da. Kirolariek min hartzeko aukera haundiak dituzte, tatami gunea txikia delako eta kirolariak bata bestearen gainean jausteko arrisku handia dagoelako. Honez gain espazioarekin harreman egokia ezin dute gauzatu tatami gunearen erdiadean zutabeak daudelako eta hau ulertu dezagun, saskibaloi kantxa erdian pareta bat izango bagenu bezala izango litzateke. Kirolariek ezin dute espazioarekin harreman egokia eraiki eta honek taktikoki eta teknikoki kirolaren garapena mugatzen du alderdi garrantzitsuetan.
Hemendik Udalari mezua helarazi nahi diogu, tatami gunearen egoera hobetzeko lanetan jarraitu dezan Arrasateko judoken eta arte martzialen komunitateari irtenbide osasungarri bat eskaintzeko.