Izan ere, erroldatzea oinarrizko eskubideen bermea da; osasungintzarako eskubidea, umeen eskolaratzerako eskubidea, lanerako eta etxebizitzarako eskubidea, hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea eta abar. Hala ere, eskubide hau urratu egiten digute behin eta berriz, herritar asko zaurgarritasun eta esklusio egoeran egoteraino.
Errolda sozialak bermatzen du, hain zuzen ere, eskubide horiek ez urratzea. Mugimendu sozialari esker, errolda soziala eskuratzeko ekimena martxan dago udal askotan, eta horrek ahalbidetzen du etxebizitzarekin arazoak dituzten herritarrak edota zaurgarritasun egoeran daudenak erroldatu ahal izatea. Horrek, norbanakoen eskubideak bermatzeaz gain, gizarte inklusiboago eta ekitatiboagoak sortzen laguntzen du. Ez da betirako konponbide bat, noski, munduko herritar guztiok izan beharko genukeelako etxebizitza duin, seguru eta kalitatezko bat, baina borroka hori guztiok elkarrekin egin beharko dugu.