Autore britainiarrak behin eta berriro aipatzen du iragana ezagutu behar dela eta gaurko galderak testuinguru egokian kokatuta egin, etorkizunari begira jartzeko. Ezin da aurrera egin, gaur garena eta bihar izango garena izateko, historian gauzak nola gertatu diren jakin barik.
Azken hogeitaka urteotako bizimodu "zoroa", zerk eragin du? Eta nora ekarri gaitu? Galderak ahalik eta zehatzen planteatu behar direla diosku Judtek; belaunaldi berrientzat nolako etorkizuna nahi dugun amesteko, pausatu, denbora hartu, eta arazoak ondo zedarritzeko ariketa egin: zer nahi dugu? Zenbateko ahalegina egiteko prest gaude? Zer egiteko gauza gara?
Hemen bertan, gure guraso eta aitaita-amamak, gerra, gosea eta miseriak pairatu ondoren, gure etorkizuna eraikitzeko lanean aritu ziren. Non eta zeren truke ahaztu ditugu haien auzo-lanak, haien eskaerak euren umeak eskolatuak izan zitezen eta eurak baino ikasiagoak? Non ditugu haiek erakutsi zizkiguten bizi-balioak, hizkuntza eta kultura?
Oinordetzan utzi ziguten ametsez betetako kutxarekin, ez dakit gauza onik egin dugun.
Garbi galdetu eta garbiago erantzun behar dugu: gaurko zirkunstantziekin, hauxe da irudikatzen dugun bidea eta hola plantea dezakegu. Garaiz gabiltza oraindik.