Hau da, iaz, bederatzi haur jaio ziren, eta hogei pertsona hil. Ez dakit kanpotik zenbat etorriko ziren, ez eta hemendik kanpora zenbat joan ziren ere. Dena den, emaitza kezkagarria da. Are eta okerragoa, kontuan hartzen bada ez dela urte bakar bateko gertakaria, joera bat baizik.
Beraz, umegintzan aparteko ahaleginik ez dudanez espero, kanpotik etor daitezkeenengan jarriko dut biztanleriari eusteko esperantza. Eta etorrera horretarako prest egon beharra daukagu. Harrera-herri bihurtu behar dugu: datorrenari ongietorria egin, gure ohituren eta historiaren berri eman, gure jaiak zeintzuk diren aipatu, ingurua zaintzen nola ahalegintzen garen adierazi, hemen eskura dituen zerbitzuak azaldu eta, batez ere, euskararen mundura hurbiltzeko gonbidapen beroa egin. Horrela egin ezean, gure izaerak jai du; kitto.
Badakit aipatutako kontu horiek guztiak, neurri batean, egiten direla, baina hankamotz gelditzen dira. Zerbait falta da hor: harrera egiteak gerturatzea ere esan nahi du, etorri denaren errealitatea, bizipenak eta emigratzeko arrazoiak ezagutzea. Inoiz jarri al zara Antzuolara etorri den berri baten ondoan? Galdetu al diozu nondik etorri den? Zergatik alde egin zuen jaioterritik? Nola egin duen bidaia? Zer dakien egiten edo ikasketarik baduen? Zer utzi duen atzean?... Eta, batez ere, zer espero duen aurkitzea hemen, zeren bila etorri den.
Azken urte hauetan, egon naizen tokian egoteagatik, niri tokatu zitzaidan horrelako elkarrizketaren bat edo beste egitea. Tokatu egin zitzaidan, eta, egia esan, gustura entzun nituen etorri berri batzuen gorabeherak. Baina ez nituen berariaz bilatu horrelako momentuak. Orain, iruditzen zait herriaren etorkizunari egin ahal diogun ekarpen onenetako bat hortik etor daitekeela, gerturatze horretatik.