Seguruen antzuolar gehienok mairu moduan gogoratuko dugun arren, Salvador, batez ere, mañua zen, dimentsio publikoa zuen pertsona soil eta on bat. Adimenez ez zen munduko argiena izango, baina argitasunez bizi izan zen, eta umorez. Kanpotik etorri, bertako emakume batekin ezkondu eta familia osatu zuen. Eta familia aurrera ateratzeko, lan egin zuen, beltz. Bergarako Altos Hornos-en egin zuen lan, antzuolar askok bezala. Langile amorratua zen mañua, estimatua lankideen artean. Ez dut oso ondo gogoratzen pasadizoa, baina badakit egun batean 25 ordu lan egin zituela jarraian, ordua aldatzen zen horietako batean: 16 + 1 lantokian, eta beste 8 auzolanean.
Jubilatu eta gero ere, behin baino gehiagotan ikusi nuen aldamio gainean, bidegintzan ere bai, Ugarte Torre baserrian orduak eta orduak sartzen… Azken urteotan, adinean aurrera joanda, jaitsita zegoen, baina ez geldirik: Lizarraga auzoko horma-zuloetako barraskiloen harrapatzaile emankorrena zen. Lizarraga inguratuz gero, han ikusiko zenuen mañua, plastikozko poltsatxoa barraskilo mukitsuz beteta.
Astean urte bat bete da emaztea hil zitzaionetik, tartean ere beraiekin bizi zen alaba hil zen, eta orain bera. Mitoa izanda, ez da bakarrik egongo.