Herriko ostatuan kafea hartu ondoren, autobus txikian sartuta, Etxegarai baserrira joan ginen. Etxaldean Jean Mariek eta Patrick-ek egin ziguten harrera. Iker Elosegi aihertarraren laguntzarekin, bi ordutik gorako solasaldia egin genuen beraiekin baserriko arditegian.
Etxegarai Jean-Marieren familiaren baserria da; bera da jabea, baina arditegiaren negozioaren jabetza erdizka dauka Patrick-ekin. Gazte honek ez zuen bere jabetzako lurrik, eta lurra eskuratzea zein beharrezko azpiegiturak eraikitzea zaila eta garestia izanik, Jean-Marieri elkartzea proposatu zion. Ordurako, Patrick freelance moduan ari zen, hainbat baserritako lanak aldi berean eginez. Beraz, lanerako gogoa eta baserriko lanerako gogoa suposatzen zitzaizkion.
Jean-Mariek, berriz, etxean ez zuen baserri-lanerako segidarik.
Aihertar bien artean dute eratua elkartea, biek banatzen dituzte lanak zein lanaren mozkinak. Modu horretan baserriaren etorkizuna zein beraien familiena ziurtatu dute. Lurraren transmisioaren adibidetxo bat da.
Bisita Antzuolan baserriaren etorkizunaren inguruan egiten ari garen proiektu pilotuaren barruan antolatu zen. Oso oker ez banago, guztiok etorri ginen joandako sentsazio eta bizipen hobearekin.
Izan ere, hemen lurraren transmisioaren gaia arazo handia da, industriari begira bizi gara eta. Horrek ez du esan nahi baserritik bizitzeko ahaleginean jartzeko jenderik ez dagoela. Herrian bertan badugu adibideren bat. Horren aurrean, Udalekooi baserria ez galtzeko urrats sendoak egitea egokitzen zaigu. Aiherrako bisitak ez gaitu beltzetik zurira eramango, baina zerbait bada. Hasteko, ikasi dugu betikoa eginda ez dagoela zer eginik, eta irudimenez jokatu beharko dugula.