Bi arrazoi nagusi aurkitu genituen horretarako: alde batetik, euskal nortasuna eta ohiturak bultzatzea; eta bestetik, goizeko egitarau bat egun guztikoa bihurtu zedin lortzea.
Aurtengo edizioa ere joan zaigu eta orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Herri bazkarian jende asko eta giro ezin hobea, eta txarangarekin kale animazio ikaragarria.
Hala ere, hau guztia ez litzateke posible izango herriko hainbat merkatariri esker izan ez balitz. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Mizpildi eta Konde okindegiei; Bixain harategiari; Mujika, Raizabal eta Larrañaga gozotegiei; Miner ardoei; Mertxe urdaitegiari; Berroia inprentari eta Bergarako Udalari.
Honez gain, eskerrak baita aurten bazkaria zerbitzatzen eta muntaian/desmuntaian lagundu diguten Gure Esku Dago taldekoei, lan handia egin dute, benetan. Baita bazkaria alaitu eta animatu duten txaranga eta trikitilariei ere. Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko giza kate txiki bat sortu dela uste dugu. Baita esker berezi bat zazpi urte hauetan gurekin lan egin duten sukaldariei. Ezin aipatu gabe utzi desmuntaia egiteko geratu ziren hainbat pertsonaren laguntza ikaragarria. Gauzak pertsona askoren artean errazago egiten dira, noski!
Halako egunak antolatzean, ordea, dena ez da positiboa izaten. Jakin badakigu bazkarirako txartelak lortzeko arazoak izan direla, baina plazak mugatuak dira, bai espazio kontuak direla medio eta baita antolatzaileak talde txiki bat garelako eta ezin dugulako jende gehiagorentzat bazkaria antolatu. Horrez gain, txartelak salgai jarri dituzten tabernei (Depor, Eusebio, Ariznoa, Pol-Pol, Etxagi eta Frontoia) eskerrak eman nahi dizkiegu. Baina tabernari batzuen jarrera ez dugu inolaz ere ulertzen. Kritikak onartzeko prest gauden arren, ezin ditugulako errespetu faltak jasan aurten gertatu den bezala. Honelako egunak antolatzearekin etekin ekonomiko nagusia (antolatzaileok honetatik ezer ez baitugu ateratzen) lortzen dutenen aldetik laguntasun handiagoa nahiko genuke.
Baina garrantzitsuena alde positiboarekin geratzea denez, orain dela zortzi urte Erramu Zapatua zer zen eta zertan bihurtu den ikusteak erabat betetzen gaitu. Honetarako, baina, lan handia dago eta antolaketa honetan laguntza eskertuko genuke; izan ere, ereindako haziak fruituak ematen jarrai dezala nahiko genuke.
Besterik gabe, eskerrik asko eta hurren arte.
----------
Beñat Iñarra Lasa
(Erramu Zapatuko lagun taldea)
Bergara