Garaipenak eskuratu dituzte senior mailako taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Bergara Eskubaloia

Senior neskak garaipena ospatzen.

Senior neskek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten; mutilek, berriz, bosgarrena.

Senior neskek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten, Labegaraietan Egiaren aurka jokatutako partidan 29-28 gailenduta. Hasiera oso ona egin zuten bergararrek eta 10. minuturako hiru goleko errenta lortu zuten, hor kanpoko taldeak hutsartea eskatu eta defentsa aldatu zuten, Eider Elorzari bat-bateko defentsa planteatuz eta bergararren jokoa bost-bosten aurkara mugatuz. Kosta egin zitzaien bergararrei planteamendu horretara egokitzea eta Egiakoek markagailua berdintzea lortu zuten, baina gero erasoko jokoan hobetzea lortu zuten eta defentsa horrek atzealdean sortzen dituen zuloak aprobetxatzen hasi ziren. Berriz ere markagailuan errenta txiki bat lortu zuten, 16-14 atsedenaldian, gol askoko partidua bergararrentzat erritmo baxuagoan jokatzea komeni zailena.

Bigarren zatia ere oso parekatua izan zen eta errentak bere horretan jarraitu zuen, baina bigarren zati erdialdean kanpoko taldeak jasandako hainbat kaleratze medio bergararrek abantaila 4 goletara handitu zuten. Amaiera lasaia izango zela zirudien, baina ezta gutxiago ere, bergararrak erasoan maila jaitsi zuten (edo Egiakoak defentsan igo) eta asko kosta zitzaien golak sartzea. Gainera, kontraerasoaren bidez kanpoko taldea gol azkarrak lortzen hasi zen, azken minutuetara partidua berdinduta iritsiz. Azken minutua zoratzekoa izan zen, bergararrak gol bateko errenta eta erasoan, 30 segundu falta huts egin eta Egiak kontraeraso bidez partidua berdindu zuen berriro, baina bergararrek azkar atera zuten baloia eta jaurtiketa bizkor baten bidez berriro ere gol bat aurretik jartzea lortu zuten 15 segundu faltan. Egiatarren azken eraso hori ondo defenditzea lortu zuten eta bi puntuak etxean geratu ziren. 29-28 amaieran. Bergararrek maila berrian jokatzeko prest daudela erakutsi dute hasiera honetan eta bi garaipen eta porrot batekin hasi dute denboraldia, sailkapenean laugarren postuan daudelarik.

Bostetik bost

Senior mutilek denboraldi hasiera bikaina berretsi zuten jokatutako bosgarren partidua irabaztea lortuta, kasu honetan, gainera, partida zaila zen, bigarren sailkatuaren etxean baitzen. Partida oso berdindua izan zen, lehen zatia horrelaxe joan zen, baina azken 10 minututetan bergararrak puntu bat gehiago aritu ziren eta atsedenaldira bi goleko errenta on batekin iristea lortu zuten, 12-14.

Bigarren zatiak berdin jarraitu zuen, oso-oso berdindua, baina bergararrak abantaila txiki hori mantentzea lortzen zuten, horrela azken bost minutuetara hiru goleko errentarekin iritsi ziren. Hor bergararrak partidu osoan egin ez zituzten akatsak pilatzen hasi ziren eta azken minutura gol bakarreko abantailarekin iritsi ziren, eta erasoan lezotarrak ari zirela gainera. Are gehiago zaildu zitzaien partida defentsan bergararrei jokalari bat kaleratu zienean. Baina bergararrek bat gutxiagorekin defentsa on bat egitea lortu zuten eta Munttarpek ez zuen gola lortu. Azken erasoan gola sartu zuten 5 segundu faltan bi goleko abantailarekin amaitzeko. Munttarpe 22 - 24 Soraluce BKE amaitu zen partidua. Garaipen honekin, eta jokatutako bost partiduak irabazita lider dira bergararrak. Asteburu honetan hirugarren sailkatua den Arrasateren bisita jasoko dute, Labegaraietan jokatuko den derbian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak