Lehenengoan ezin izan zuten garaikurra lortu. Infantil neskek 24-32 galdu zuten eibartarren aurka, hasiera-hasieratik deba barreneko taldeak kontrolpean izan duen partidu batean. Hala ere, pozik agurtu dute denboraldia bergararrek, emaitza onak lortzeaz gain, giro bikaina izan dute taldean eta jokalari bakoitzaren zein taldearen eboluzioa nabarmena izan da.
Bigarrenean, aldiz, bergararrek lortu zuten kopa altxatzea, asko sufrituta baina senior mutilak txapelketa irabaztea lortu zuten. Zarauztarren aurkako partidua maldan gora hasi zuten, lehen zati oso txarra jokatuta, batez ere erasoan golak ezin sartuta, 7-12 joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, aldiz, susperraldia etorri zen eta poliki-poliki bergararrak markagailua estutzen joan ziren, eta zarauztarrak ziren golak ezin sartu zebiltzanak eta bergararrak hori aprobetxatu zuten. Bigarren zati erdialderako gol bakarrera zeuden bergararrak 12-13 galtzen. Hortik aurrera partidu oso berdindua jokatu zuten eta 18na amaitu zen partidua. Gauzak horrela penaltietan jokatu zuten garaikurra, eta hor Bergarako atezainak azaldu ziren, bakoitzak gelditu bat eginda garaile atera ziren bergararrak 4-3 irabazita.
Denboraldi hasiera irregular bati amaiera bikaina eman diote, liga erregularrean justuan baina goiko postuetan aritzea eta faserako playoff-a jokatzeko helburua lortuta, eta horri kopako garaikurra gehituta pozik joan daitezke oporretara!
Bestalde, datorren denboraldira begira entrenamendu irekiak egingo dira datorren egunetan labegaraietan 2012/2013/2014 urteetan jaiotako gazteei bideratuta:
- Ekainak 4, eguena, 18:15ean.
- Ekainak 5, egubakoitza, 16:00etan.
- Ekainak 8, astehelena, 17:00etan.
- Ekainak 11, eguena, 18:15ean.
- Ekainak 12, egubakoitza, 16:00etan.