Zelaietako bat haurrek gozatzeko eremu bihurtu dute. Askotariko neurri eta formadun zelaiak ditugu herrian, eta orain arte ez dakit ba ote zen zelai erabilgarririk eta zapalgarririk herrian. Beharko genituzke, nire ustez.
Herriaren itxura zaintzeaz hitz egingo zen lehenago ere, baina ez dakit herriko politikariek azken kanpainan bezainbat inoiz azpimarratu izan duten. Itxura baino, herriaren erabilgarritasuna zait erakargarriagoa. Dagoeneko ohitu gara espazio antzutuak eta lokal hutsak ikusten herrian zehar, eta iruditzen zait funtzio interesgarria bete dezaketela herriaren biziberritzean. Eta ez naiz fatxadez ari. Badira esperientziak Gipuzkoan bertan eta harago –noski–, era erraz eta merke samarrean ekargarriak eta gauzagarriak izan litezkeenak.
Egunen joanean ohituta, eraikitzen amaitu bako eraikinak ikustera ohitu gara, eta, larriagoa dena, onartu egin dugu hezurdurak bere horretan egon daitezen, behar adina erantzukizun eskatu eta ordainarazi gabe. Erantzuleen berri argiago izango al dugu, irtenbidearen bila hasten direnean... Batez ere, herritarron onurarako mamituko al dira hezurrok…
Herria biziberritzea eraikitzearekin lotarazi digute. Biziberritzea eta arnasberritzea aretxabaletarron ongizatearekin eta herri bizi eta sozialki berritu batekin lotzea mesedegarriago litzaiguke, seguruena; nahiz eta negozio handinahiak nahi dituzten horiek ez aberastu. Horrek eragingo luke itxuran ere. Eta fatxadez ari naiz. Espazio huts, antzutuei eta erabilgarriei begira gaituzte, berriz ere garai igaro berriak noiz itzuliko zaizkien zain dauden artean. Bitartean, denbora ez doa ihesi: aurka datorkigu, baina erabilgarri.