Eskolak elkarlana proposatu zigun, egubakoitzean Euskararen Eguna ospatu behar zutela eta. Eta guk pozez heldu genion, beti halakoetarako gogotsu. Beren beregi prestatutako emanaldi berezian, bertso-eskolako gaztetxoek, gazteek eta helduen taldeko Martin Berrizbeitiak, eta Ane Zuazubiskar, Xabi Igoa eta Maddi Sarasua bertsolari gazteek kantatuko dute. Eta parean dituztenak ere jarriko dituzte kantuan. Hamaiketan bukatuko dugula baliatuta eta orduak inspiratuta, hamaiketakoarekin borobilduko dugu jarduna.
Arratsaldean goiz hasiko gara martxan, Debagoieneko Bertso-eskolen Eguna ospatuko dugulako. Merienda prestatuko diegu Debagoienetik etorritako eta bertako bertso-eskoletako gaztetxoei, eta adi entzungo ditugu. Bertso meriendan, elkar ezagututa elkarren bertsoekin gozoago egingo dute merienda. Ikurrinaren aldeko ekitaldian ere parte hartzekoak gara. Ilunkaran, gazteak eta helduak etorriko dira bailarako herrietatik, eta gure festa hasiko da: jinkana tabernaz taberna, afaria eta letorkeena. Bertso festa goizean goiz arte luzatuko dugu.
Egubakoitza, irailetik eten barik loratuz dabilen Lekaixoka bertso-eskolaren adibide da. Adibide eta ondorio: elkarlana, festa, gogoa, ahalegina, zaletasuna, irekia, adinen arteko harremana… Eskoletatik eta kalera, kaletik eta eskoletara, edonorentzat zabalik den lagunartea, eten barik loratuz eta haziz.