Loreen hilabetea alai hasteko ekintza asko maiatzaren 4an

Basotxoko bazkideei jakinarazten diegu maiatzaren 4an bilduko garela Loreen hilabetea alai hasteko.

Egun horretan Basotxon elkartuko gara, 10:30ean, kafe bat hartzera. Kontu-kontari egon eta abestu egingo dugu nahi duenak –terrazan eta/edo kalean– elkarteko kantu taldeko kideen laguntzarekin.
Aretxabaletako Ikasbide (Institutu/Profesionala) garatzen ari den Bizikletaz Adinik Ez programak bere trizikloak erakutsiko dizkigu, eta gonbidatuko gaitu ibilalditxo bat egitera bere "kalesen" gainean. Udaletik datorren jarduera bat da, gonbidapen bat guretzako,
eta gure interesekin erabat bat datorrena.

2012an Danimarkan sortutako nazioarteko mugimendu bat da, eskuzabaltasuna ematen saiatzen dena: adinekoei denbora eskaintzea,
haiek aurretik emandako maitasunari eta denborari erantzunez.

Aldi berean bi pertsona paseatzeko prestatutako trizikloak dira. Ikasbideko ikaslea pedalei eragiten joango da, atzean bi adineko daramatzala. Eroso bidaiatzeko prestatuta daude, pertsonaren egoera fisikoa edozein izanda ere: erosotasuna eta segurtasuna bermatuta, lasai paseatzen (taximetrorik gabe), kontu-kontari esfortzurik egin gabe, lehen bizikletei esaten genien bezala, "asto" baten gainean turistak bezala.

Jakina, trizikloan paseoa gutxi batzuendako izango da. Izan ere, hiru triziklo egongo dira eta bakoitzean bi nagusi joango dira aldi berean. Boluntarioekin zerrenda bat egingo dugu birak antolatzeko.

Ikusten duzuenez, askotariko jarduera izango da: kafea hartzea, hitz egitea, abestea, eta trizikloan ibiltzea turistak moduan… Gazteei eskerrak eman behar genieke belaunaldi-arteko halako ekimena abian jartzeagatik.

Anima zaitez, nahiz eta herrian zehar trizikloan turismoa egiteko asmorik ez izan!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak