"Golgotaz gogait dagoen Diego Martiarturi"

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Arana 2012ko api. 23a, 02:00

Errespetua zor diogula elkarri, diozu.

Hala nator, ni ere, errespeturik handienaz, nire iritzia ematera. Zuretzat higuingarriak diren horiek niretzat zer diren esatera.

Nik urtero-urtero ospatu izan ditut Aste Santuko ospakizunak, zelebratu, Jesukristoren gureganako, gizakiarenganako maitasun hunkigarria. Gizon on baten azken egunak. Maitasunari leial, sinisten zuenarekin azkenera arte koherente izan ziren Jesusen azken egunak.

Txikiak, baztertuak, gaixoak, emakumeak... defendatu zituelako gurutzean josi zuten gizonaren azken egunak esker onez, gogoratuz. Nola azaldu bihotzeko sentipen hauek, nola esan ni maitatua naizela sentitzeak sortzen didan poza... Aste Santuetan gogoratzen, berritzen, bizitzen dugun Jesusen maitasun hori...

Aste Santuko egunik ederrena, berriz, Pazko goiza. Zorioneko goiza. Nik neuk ospatzen dudan egunik zoragarriena. Nik bezala ospatzen dutenak zorionduz. Gurutziltzatu guztiak gurutzetik jaisteko egin zuen ahaleginengatik gurutziltzatu zuten Jesusen garaipena ospatuz, gurutziltzatu guztien garaipena ospatuz.

Jainkoak arrazoia eman diola gogoratuz, ez dutela berdugoek irabazi, ez Jesusekin, ez eta gaurko eta betiko, hango eta hemengo gurutziltzatu guztiekin. Berdugoek ez dutela arrazoirik!

Horra Pazkoa. Aste Santuaren gailurra. Garaipena, heriotzaren gaineko garaipena. Gurutzean jositako gurutziltzatuaren garaipena, gurutziltzatua da beneragarri, munduko gurutziltzatuak beneragarri, Jesusengan garaile.

Mendietako gurutzek, berriz, Golgotako gurutzearen oroimenez, Jesusen garaipena eta gaurko gurutziltzatuak gogoratuz, horien azken garaipena eskertuz, niri ez didate batere trabarik egiten, alderantziz baizik, loreak eta txorien kantuak ederragotzen.

Adeitasunez.

--------------------

Begoña Arana

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak