Euskalnafar euroeskualdea

Erabiltzailearen aurpegia Beñi Agirre 2018ko eka. 8a, 07:23

Euroeskualdea deitzen diote. Ez da Udalbiltza, ezta Udalbide ere, baina mugaz haraindiko elkarlanerako baliabide oso interesgarria izan daiteke. Europar Batasunean onartutako izaera juridikoa du eta bere baitan Nafarroako erresuma izan zenaren lurralde ia bera marrazten du Historia Garaikidea idazteko mapetan.

Errioxa eta beste lurralde batzuen faltan, Akitania, Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa Garaia hartzen ditu bere baitan. Erakunde mota honek Europako bi, hiru edo herrialde gehiagoren mugaz haraindiko elkarlana ahalbidetzen du.

Adibidetzat har daiteke Autonomia Erkidegoko Unibertsitateak, Bordeleko Montaingneko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Akitaniako ESPEk sinatu duten lankidetza hitzarmena. Ondorioz, Hego Euskal Herriko irakasle eskolako 4. mailako 10 ikaslek frantsesezko urtebeteko prestakuntza jasoko dute eta Akitaniako unibertsitateko beste 20 ikaslek euskarazkoa.

Lankidetza proiektuari Eskola futura deitu diote. Ikusten denez, egitasmo handiko proiektu honekin eremu berri bat ireki daiteke, ez lankidetza estrukturalean soilik, baizik eta iruditeria berri bat sortzeko giza eta kultur arloetan.

Badira hamarkada batzuk euroeskualdeak martxan direla. Akitania-Euskadikoa 2011ko abenduan sortu zen, Gaztelak Nafarroa inbaditu eta banatu zuenetik 500 urteko bezperan, alegia.

Izan al daiteke Euroeskualdea frantsesek eta gaztelarrek Europan zatitu zutena josteko tresna? Ez dakit, baina lagundu lagundu dezake oztopatu baino gehiago. Argitxu Etxandik Muga-gaindi Europatik Euskal Herrira tesian honi buruz esaten duenez: Europaren helburua eskualdeen arteko desorekak gutxitzea eta integrazioa lortzea da, eta harentzat eskualdeak eremu garrantzitsuak dira. Beraz, lankidetzak abiatzeko erraztasunak ematen ditu.

Hala ere, euskalnafarrok badugu aurreko lanik. Zeren eta Europak juridikoki eskaintzen dituen hainbat tresna alferrik izango ditugu, aurretik ez badugu lantzen lurralde eta euskal kultur kohesioa. Hau, ordea, politika da. Politika mailan ez baldin badago lurraldea batzeko eta kohesionatzeko helbururik, euskalnafar euroeskualdeak ez du zentzurik izango.

----------

Beñi Agirre

Hernani

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak