Ikerketaren garrantziaz jabetuko gara?

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Zurutuza 2020ko api. 16a, 00:00

Koronabirusak gizartea, langileak, hezkuntza, gobernuak eta enpresak mobilizatu dituela esan dezakegu, eta elkartasuna lantzen lagundu. Zientzialariok ere mobilizatu gaitu, asko baitabiltza koronabirusa nola gainditu aztertzen edo azkar detektatu ahal izateko metodoen bila. Hala, enpresa batzuk txertoen bila dabiltza, herrialde askotako gobernuek –Europako Batzordea– eta hainbat erakundek – CEPIk, adibidez, Epidemietarako Prestatzeko Berrikuntza Batzordeak– horretarako dirulaguntzak eman dituztelako.

Moderna Therapeutics enpresarena da kasu aipagarrietako bat. CEPIk eman zien hasierako dirulaguntza, eta txerto baten bila hasi ziren, urtarrilaren 13ean. Ba, jadanik gizakietan saioak egiten hasi dira –proba klinikoen l. fasea–, animalietan testatu gabe. Hala ere, 12-18 hilabete baino lehen ez da prest egongo. Baina hori ez da CEPIk finantzatu duen proiektu bakarra: beste sei enpresa eta unibertsitateren eta ikerketa institutuen proiektuak ere finantzatu ditu txertoa bilatzeko erronka honetan.

Hori bai, Euskal Herrian bertan ere badaude enpresak koronabirusaren erronkan laguntzen. Adibidez, gu Graphenean hidrogel desinfektatzailea egiten ari gara, eta grafeno-laginak dohainik ematen koronabirusaren ikerketa egiten duten taldeei, kit diagnostikoak garatzeko. Azken finean, koronabirusa duten pertsonei diagnostiko azkarra egitea oso garrantzitsua da, birusa ez zabaltzeko eta estatistika zehatzak edukitzeko.

Koronabirusak eta beste birus askok –ebola, HIV, eta abar– birusei izen txarra eman arren, aipatu beharra dago gaixotasunak osatzeko ere balioko dutela etorkizunean. Birusek zelula barruetan euren material genetikoa sartzen dute, eta mekanismo hori da, hain zuzen ere, desordena genetiko batzuk zuzendu ahal izatea ahalbideratuko duena: laborategian eraldatutako birus batzuek akatsa duen genea ordezkatu ahal izango dute. Donostian bertan badago enpresa bat, Viralgen, terapia berri horiek garatzen. Terapia genetikoa deitzen den arloaren barruan, hain zuzen ere.

Ez dugu ahaztu behar birusak gizakiarekin batera bizi izan direla urte askoan; seguruenez, betidanik. Horien jatorria zaila da zehazteko, ezin direlako fosil bihurtu.

Zientzia gero eta azkarrago mugitzen dela ezin da ukatu. Hala ere, zientziaren garapena ahalbideratzeko diru-inbertsio handiak behar dira, eta gobernu askok segituan ahazten dute faktore garrantzitsu hori; krisi egoeretan, batez ere. Eta ez bakarrik zientzian: gaur egungo egoerak ondo erakutsi digu osasungintzan inbertitzeak duen garrantzia ere.

Etorkizunak zer ekarriko digun ez dakit, baina espero dut zerbait ikasi ahal izatea esperientzia honetatik.

Zientzialariek denboran bidaiatzeko makina sortuko balute, nik beti esaten dut etorkizunera joango nintzatekeela, eta ez iraganera, jakin-mina dudalako etorkizuna nolakoa izango den. Dena dela, gaur eguna bezalako momenturik ez dagoela ere sinesten dut. Beraz, momentua bizi behar dugu. Eguneroko bizitza bizitzea baino hobeagorik ez dago eta; etorkizun oso hurbilean, berriro kalera/mendira/hondartzara irteten garenean, askatasuna zer den biziko dugu berriro. Baina bitartean, etxeko giroaz gozatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak