Beste finantza-leherketa bat gertatuko ote den...

Erabiltzailearen aurpegia Adrian Zelaia 2020ko urt. 3a, 09:15

Ekonomia ez da zientzia fisikoa; iragarpenek zuhurrak izan behar dute, batez ere kontuan hartuta erabaki politikoek zuzenean eragin dezaketela gertakariak atzeratzea edo aurreratzea.

Hala ere, Mendebaldean beste finantza-leherketa bat gertatzeko arriskuaz hitz egiten den lehen aldia ez bada ere, hainbat faktorek bat egiten dute 2020an gerta daitekeela pentsarazteko.

Finantza-sistema, larri

Ekonomia errealak –batez ere, inbertsio produktiboa– ez du gora egiten Europan; faktore horrek areagotu egin ditu finantza-sistemaren egiturazko desorekak, Mendebaldeak konpontzen jakin ez duena eta muga-puntu batera iristen ari dena: metatutako gehiegizko zorpetzea; finantza-sektorean pilatutako arriskua; Ipar Amerikako ekonomiaren benetako pisuaren eta dolarraren erabilera munduko erreserbako lehen moneta gisa hedatzearen arteko desoreka larria.

Finantza-sektorean metatutako arriskuak sistematikoki ezkutatu dira, moneta-hedapeneko politiken kontura egindako etengabeko erreskatearen bidez. Politika horiek, 2012tik aurrera, aurrekontu publikoen kargura egindako erreskateak ordezkatu zituzten. Badirudi, gobernuen erreskate-ahalmena 2008-2012 aldian agortu zen bezala, moneta-erreskatea ere 2012tik igarotako 7 urteetan agortu dela. JP Morgan eta Deutsche Bank erakunde espezifikoen egoera oso larriari buruzko zurrumurruak gero eta handiagoak dira; oso litekeena da horrek finantza arloko eztanda beldurgarria sortzea.

Faktore politikoak, funtsezko

Badirudi dolarrak nazioarteko merkataritzan duen pisu galera gero eta handiagoa puntu kritiko batera iristen ari dela, eta nazioartea behartuko duela urteak prestatzen daramatzaten sistema alternatiboetako bat premiaz martxan jartzera. Onerako edo txarrerako, sistema fiduziarioa zalantzan jartzea saihestezin bihurtuko da, eta urrean edo mota bateko edo besteko benetako balioetan oinarritutako txanponek gero eta pisu handiagoa duten testuingurua espero dugu.

Nazioarteko finantza-sistemaren aurreikusitako krisi horren barruan, faktore politikoak funtsezkoak izango dira krisi hori 2020an gerta dadin edo ez. Alde batetik, Ameriketako Estatu Batuetako krisi politiko larria bidegurutze historiko bihurtzen ari da datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak; indar ekonomiko batzuek hauteskundeak baino lehen finantza-leherketa eragiteko apustua egiten dute eta beste batzuek, berriz, behar adina atzeratu nahi dute, hauteskundeetan aurreikus daitekeen eragina saihesteko.

Pasibotasun harrigarria

Txinaren eta herrialde emergenteen zeregin ekonomiko eta politikoa funtsezkoa izango da moneta hegemoniko gisa dolarraren aurreikusitako krisia noiz eta nola gauzatuko den erabakitzeko. Nazioarteko komunitate osoak aktiboki inplikatu beharko du beharrezko adostasun politikoan, diru-sistema berrirako igarobidea ahalik eta eraginkorrena izan dadin ziurtatzeko. Eta traumatikoa ez dela ziurtatzeko.

Halaber, azpimarragarria da ekonomia produktiboa suspertzeko eta Europan bultzada teknologikoa emateko ekimen politikorik eza. Pasibotasun harrigarria, 2020rako Europako nazioarteko posizioen galeraren eta inbertsio-bultzada ahularen jarraipena iragartzen duena. Finantza-leherketa berri bat finantza-berregituraketa baterako aukera izan liteke, zorpetzea nabarmen murriztuko lukeena eta inbertsioa berraktibatuko lukeena, azpiegituretan inbertitzeko asmo handiko programa batekin batera etorri beharko lukeena, Europako herrialde askotan hain beharrezkoa dena. Txinak bultzatutako Zetaren Bide Berria komunikazio eta garraio azpiegituren proiektuan Europako lankidetza aktiboa aukera historikoa litzateke. Tamalez, etengabeko gainbehera ekonomikora eraman gaituzten talde ekonomiko berberak botere politikoan mantentzeak ez du egiturazko aldaketa nabarmenik aurreikusten. Zaila da Europako ekonomiak hobera egitea sakoneko aldaketa politikorik gertatzen ez bada. Alemaniak eta Frantziak dute hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak