Izenak dioen moduan, emakumea protagonista. Emakumeen istorioak. Baina ez edozein emakume. Emakume arrunta, normala, naturala. Edertasun kanonetik aldenduta. Hollywoodeko izar perfektuetatik at.
20 urte bitarteko Brooklyngo neska gazte arruntak. Batzuk langabezian, beste batzuk beraien ametsak bete nahian, baina arrakastarik gabe; maitasunaren bila, baina arrakastarik gabe; ez dira perfektuak, baina zoriontsuak dira. Edo zoriontsu nahi dute izan.
Hori izan liteke Girls-en arrakastaren gakoa; komediazko telesail eta aktore onenen Urrezko Globoak eskuratu ditu. Emakumeok gu bezalako emakume arrunten kezkak, bizipenak ikusi nahi ditugu, eta horiek kontatzen dizkigu Girls-ek. Emakume gazteok identifikatuta sentituko garen istorioak.
Lena Dunham ere arrakastaren gakoa izan liteke. Bera da telesailaren zuzendari, gidoilari, aktore protagonista…sortzailea. Dunham andereñoaren benetako istorioak ezagutzen ari garela pentsa genezake, eta halaxe da kasu askotan. Kontatzen dituen zenbait istorio autobiografikoak dira. Bere miseriak, desgraziak, arrakastak kontatzen dituen emakume errealaren istorioak.
Eta horrelako emakume bat Hollywoodeko izarren artean izar bilakatu dela ikusteak asebetetzen nau. Edertasun kanonetik aldenduta, talentuz beteta, baina, batez ere, emakumea, gaztea eta ausarta. Ausarta, 26 urterekin bere ametsa egia bihurtzen saiatu zelako, eta baita lortu ere. Ausarta, istorio errealak eta autobiografikoak kontatzen saiatu delako. Ausarta, gainontzeko emakume arruntoi gure ametsak egia bihur daitezkeela erakutsi digulako.